Sindikatuek greba eguna deitu dute Hezkuntzan, martxoaren 25ean
Hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia kontuan hartzea eskatzen dute. Hezkuntza sistema "publiko, euskaldun eta propioa" aldarrikatu dute.
LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek agerraldi bateratua egin dute gaur [martxoak 15] Hezkuntza Akordioaren zirriborroarekin ez daudela ados adierazteko, eta horren aurrean antolatu dituzten protesten berri eman dute. Martxoaren 18an eta 28an elkarretaratzeak egingo dira Legebiltzarraren aurrean, eta martxoaren 25erako greba deialdia egin dute. Mobilizazioak Publikoa, Euskalduna eta Propioa helburu, hezkuntza legea langileokin eraiki lelopean deituko dituzte.
Sindikatuek azaldu dutenez, langileak aintzat hartzea da eskatzen ari direna, eta hezkuntza legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak zerrendatu dituzte. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dute, egungo hezkuntza sistema duala gainditu eta euskal hezkuntza-sistema publiko baterako bidea sustatuko duena; hezkuntza lege propioa eskatzen dute, horretarako Bizkaia,Gipuzkoa eta Arabako Hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuz; inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza aldarrikatzen dute, Europako bataz bestekoa erreferentzia gisa hartuz eta gutxienez BPGren %6ra bidea eginez; segregazioari aurre egin eta eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dute, euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituena, euskal curriculuma; hezkidetza; laikotasuna; ekitatea; inklusioa; pentsamendu kritikoa; eta parte hartzea oinarri hartuta.
Baita ere nahi dute, hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea eta merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo dena. “Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena”.
Martxoaren 18ko eta 28ko elkarretaratzeak 10:30ean izango dira, Legebiltzarraren aurrean. Martxoaren 25eko greba egunean, berriz, manifestazioa egingo da Bilbon, 11:30ean Arriagatik hasita. “Etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu”.