Penta futbol zelaiko argiteria hobetuko dute
Martxoaren amaierarako prest egotea aurreikusten dute, aldagelen egokitzapenarekin batera.
Bermeoko Udala hainbat hobetze lan egiten ari da Penta futbol zelaian. Zelaia eta bertako aldagelak hobetzeaz gain, orain argiteria ere berrituko du. Hala, azaldu dutenez, gaur egun dauden halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatuko dituzte, “efizientzia nabarmen hobetuz (%71ko aurrezpen energetikoa)”.
Jakitera eman dutenez, argiteria berritzeko lan horiek egitera 35.878,15 euro (BEZ barne) bideratuko dituzte, eta martxoaren amaierarako prest egotea aurreikusten dute, aldagelen egokitzapenarekin batera.
Penta futbol zelaia Bermeorentzako kirol instalazio “garrantzitsua” dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Herriko ume eta gazte askok bertan kirola egiten dute eta hartu dugun konpromisoa betez, beharrezkoa da pixkanaka berritzen joatea. Udalaren baliabideen bitartez aldagelak berritzen ari gara eta argiteria ere aldatuko dugu. Honi guztiari zelaiaren berritzea ere gehitu behar zaio. Lan hauek udan, futbol denboraldia amaitutakoan, egitea aurreikusita daukagu”.
Gaineratu du udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat dela herriko kirol instalazioak hobetzea; “udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan”. Gogorarazi duenez, herriko futbol instalazioetan hainbat “hobekuntza eta egokitze” lan egin dituzte 2019. urteaz geroztik, iaz harmailetako estalkia ere berritu zutela aipatuta. “Argi dugu guretzat oso garrantzitsua dela bizimodu osasuntsua sustatzea baina horretarako herritarrei baliabideak eman behar dizkiegu. Kirol instalakuntzetan egin ditugu azken urteetako inbertsio handienak eta garrantzitsuenak. Bide horretatik jarraituko dugu etorkizunean ere bermeotarron bizi kalitatea hobetzeko asmoz”, esan du Abaroak.