Goikoetxea eta Aimar: merezitako finalistak
Olharan eta Etchetoren kontrako norgehiagoka irabazi zuten atzo, eta, beraz, hilaren 20an Erkiaga eta Zabalaren kontra lehiatuko dira, Jai Alai Winter Serieseko finalean.
Goikoetxeak eta Aimarrek, Erkiaga eta Zabalagaz batera, Jai Alai Winter Serieseko bikoterik sendoena direla frogatu zuten atzo, eta, beraien joko bikaina berretsiz, ligaxkako final handira sailkatu ziren, Olharan eta Etcheto menpean hartuta. Finalerdiaren hasiera-hasieratik argi eta garbi geratu zen Olharan eta Etchetoren jokoak gehiago zuela plaza libreko estilotik, zesta-puntatik baino; izan ere, pilotaren modalitate hori kanpoaldean eta erreboletako horma barik jokatzen da, eta egokia da pilotariek jokoa ahalik eta gehien atzeratzeko.
Horixe izan zen, hain zuzen ere, Olharan eta Etchetoren jomuga: Goikoetxea saiheste aldera, jokoaren pisua guztia Aimarrengan zuztartzea. Dena dela, ez dute ogibide errazik izan, Aimar, txapelketa osoan bezalaxe, oso sendo agertu baitzen atzo. Halaber, Goikoetxea bere bikoteari laguntza ematera jaitsi zen; lehendabiziko setean, bikote urdinak ez zuen erdietsi ganoraz errematatzea, eta hutsegiteak egin zituen: 4-7 aurretik joatetik 10-7 galtzen joatera igaro ziren. Goikoetxeak, pilota biziagaz, errebotera bidali zuen pilota, eta tanto bikaina burutu zuen. Lehenengo seta, oro har, pilotakada ugarikoa eta erremate urrikoa izan zen. 15-10 gailendu zen bikote gorria.
Bigarren setean, baina, partiduak beste noranzko bat hartu zuen, bai bortizki hartu ere. Olharanek gehiago arriskatzeari ekin zion, beste aterabiderik ez zeukala ulertuta; markagailuak berdinduta iraun zuen arren, 5-5ekoaren ondoiren, bikote urdinak aurrea hartu zuen. Jauziz, errematez, borrokaz eta ikuskizunez josiriko zenbait tantoz gozatzeko parada izan zuten Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia, beste behin, lepo bete zuten ikusleek. Urdinek tanto pare bat egiteagaz batera, gorrixkek akats batzuk egin zituzten, eta laupabost tantoko galera horrek konfiantza eta kontzentrazioa galtzera eroan zituzten. Partidua kontrolpean izatetik egoera zail batean egotera pasatu ziren. Bikote urdinaren 14. tantoa partiduko distiratsuenetakoa izan zen: Olharanek zabalera egindakoa. Jokaldi horrek Jai Alaiko ikusleak zutunik eta txaloka jarri zituen. Seta 8-15egaz amaitu zuten.
Azken txandan, berdinketa haustean, tentsioa izan zen nagusi. Frontoia jendez gainezka egonagatik ere, den-denak mutu zeuden, partidura adi. Lehen tantoa luzea izan zen oso. Urdinek Aimarri eraso egin zioten, baina bere gaitasun fisikoa erakutsi zuen beste behin. Goikoetxeak asmatu zuen Olharanen erasoei erantzuten. Piloteo fase baten ostean, Etchetok akats bat egin, eta 1-0ekoa iritsi zen. Berdinketa zorte kontua izan zen, Olharanen zeharkako baten ondorioz. Goikoetxeak, ostean, tanto bana egin zuen, 3-1ekoa lortzeko; Olharanen ezker hormako hankasartze batek 4-1ekoa ezarri zuen. Dena dela, Etchetok zeharkako pilota bat bikain kudeatu zuen, eta Aimarrek ezin izan zuen errebotera harrapatu: 4-2. Puntu horretan, bikote urdinak egoera zaila zuen aurrean, baina ez ezinezkoa. Dena dela, pilotalekuaren atzean amaitu zen tanto batek partiduaren bukaera ekarri zuen: 5-2an geratu zen markagailua, azken set bikain baten ondoren.
Zesta-punta boladan dagoen kirola da; azken urteotako txapelketarik entzunena, Jai Alai Winter Series, hilaren 20ko final handiagaz amaituko da. Saio horretarako sarrerak agortuta daude jada.