Erreferenteak
Bizkaian erreferente diren emakume kirolarien jaia ospatu dute Malosten, Gernika KESB klubaren 25. urteurreneko lehenengo ekitaldian.
25 urte bete ditu Gernika KESB klubak , eta urteurreneko lehenengo ospakizunean erreferentez bete da Maloste. Zehatz esateko, saskibaloian eta futbolean erreferente diren Lointek Gernika Bizkaiako eta Athletic Clubeko jokalariak batu ziren atzo [martxoak 15], Gernika-Lumon.
Klub gernikarraren arduradunen berbetan, emakumeen kirola eta emakume kirolariak omentzeko helburuagaz antolatu zuten atzoko ekitaldia: “Bizkaian erreferente diren emakume kirolarien jaia izan da”.
400 bat ikuslek saskibaloi eta futbol partiduekin gozatua hartu zuten, bi klubetako jokalariak nahastuta osatu zituzten taldeak. Moore, Arrojo, Bjorklund, Buch, Roundtree, Valdezate, Oihane, Azkona, Garazi eta De la Nava jokalariek osatu zuten Mario Lopezen taldea, eta Iraia Iturregirenean, berriz, Brcaninovic, Alberdi, Higgs, Silva, Ginzo, Eunate, Oguiza, Quiñones, Itxaso eta Moraza jokalariak aritu ziren.
Futbol partidua jokatu zuten lehenengo, eta saskibaloi partidua hasi aurretik, ikuskizun berezia eta omenaldia egin zituzten. Rakel R.R artistak zuzendutako Arymux teatro eta dantza konpainiak koreografia eskaini zuen, keinu hizkuntzan. Gerardo Candina Gernika KESB klubeko presidenteak 25. urteurrenaren omenezko-oroigarria Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuneko foru diputatuari eman zion. Athletic Clubeko aitorpena, ostera, Joseba Agirre Kirol Zuzendariak jaso zuen.