2020an baino 20.146 bidaiari gehiago izan ditu Bidebusak
Gernika-Lumoko Udaletik esan dutenez, pandemia aurreko kopuruetara bueltatzen ari da Bidebusa.
Gernika-Lumoko Udalak emandako datuen arabera, Bidebusak 57.974 bidaiari hartu zituen 2021ean; 2020an baino 20.146 bidaiari gehiago. Hala, diotenez, Bidebusa pandemia aurreko kopuruetara bueltatzen ari da.
“Udalak eta esleipena daukan enpresak ahalegin handiak egin zituzten autobusa ahalik eta seguruena izateko, eta horrek konfiantza eman die bidaiariei”, esan dute udal ordezkariek.
Zerbitzua gehien erabili diren hilabeteak honakoak izan dira: maiatza (5.496), azaroa (5.881) eta abendua (5.799). 2010ean hasi zen martxan Bidebusa, ordutik 765.861 bidaiari hartu ditu.
Astelehenetik zapatura. Gogorarazi dutenez, Bidebusak astelehenetik zapatura bitartean eskaintzen du zerbitzua, 08:10etik 13:30era eta 16:45etik 19:30era. Lorategieta auzotik abiatzen da orduro.
Zallo, Arane do Lumo auzoetara joateko zerbitzua behar duten herritarrek Bidebus Txikia izeneko zerbitzua eskatu dezakete. Horretarako, interesa daukatenek aurreko egunean deitu behar dute, 19:30ak baino lehen, 696 95 64 51 telefono zenbakira.