Pilota, aldarrikapenaren begietatik
Emakumeen Eguneko ekitaldien barruan, udalak gonbidatuta Emakume Pilotarien Elkarteko kideak Muxikako frontoian egon dira. Eskuz banakako eta palako partiduak jokatu dituzte.
Emakumeen Eguna dela eta udalak antolatutako egitarauaren barruan, Emakume Pilotarien Elkartekoek partiduak jokatu zituzten Muxikan, atzo arratsaldean (martxoak 13).
Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Miren Larrarte bidaniarrak eskuz banakakoa jokatu zuten Kurtzeroko frontoian, eta bizkaitarrak 18 eta 10 irabazi zion gipuzkoarrari. Jarraian, Maialen Rodrioguez-Irati Saez (Larrabetzu) eta Uxue Agirresarobe (Elorrio)-Naia Ouro (Armintza) palazko partidua jokatu zuten, eta 23 eta 30 nagusitu ziren Agirresarobe eta Ouro.
Emakume Pilotarien Elkartea emakumeen pilota sustatu eta oinarri sendo bat eratzeko helburuagaz sortu zuten 2019an; pilotaren modalitate guztiak bildu gura ditu bere baitan, denak hauspotu gura ditu, eta horietan emakumeek daukaten presentzia areagotu eta baldintzak hobetu gura ditu. Horiek lortzeko bidean, federazioekin, udalekin, aldundiekin eta klubekin elkarlanean ari dira.
EPEko kideak jendea erakartzearen eta biltzearen, saretzearen garrantziaz mintzo dira. Harrobiarekin lan egiten dute, eta eurek azpimarratu bezala, umeak erreferenteak behar dituzte: “Izugarrizko lana egin behar da azpian. Gure lana pilota, pala eta emakumeen partaidetza sustatzea da, eta horretarako jokatzen erakusteaz gain, beste gauza batzuk egin behar dira”. Loreak bezala, pixkanaka-pixkanaka ureztatu behar da, ez baita urtebetean lortzen, “ibilbide bat” dago.
Zaletasuna piztuaraztea aipatu dute: “Erakutsi nahi duguna da ez bakarrik neskek jolastu egiten dutela, umeekin lan egin nahi dugu, pilotan has daitezela, eta jarraipena edukitzea”. Herriei laguntza edo zerbitzua ere eskaintzen diete, monitoreak eskaintzen, adibidez. “Emakume nagusiekin ere ibiltzen gara, aisialdi taldeak entrenatzen ditugu… Adin guztientzat da kirol hau”.
Palan, oro har, maila gehiago eta kirolari gehiago daudela diote: “Ez da ikusgarria; erakargarri egin behar dugu, txapelketak badaude, baina ez dira ezagutzen. Ematen du emakumeen pilota orain dela lauzpabost urte hasi dela, baina ez, 30 urte baino gehiago daramatzagu. Gertatzen dena da komunikabideetan ez garela atera. Orain hasi gara ateratzen, gizon batek emakumeen alde apustua egin du, eskua atera du, baina beste modalitate batzuk badauzkagu. Pala kirol oso erraza da. Gure ustez, palan ibilbide luzeagoa da, eskuengatik. Iruditzen zaigu gehiago hedatu daitekeela”.
EPE jaia. Partiduak antolatzeaz harago, arratsalde edo egun pasa egiteko proposamenak ere egiten dituzte elkartekoek. “EPE jaia deitzen diogu. Umeekin tailerrak antolatzen ditugu, pelotak egin, bai palan, bai eskuz jolastu… eta partidua ere jokatzen dugu. Adibidez, Hondarribian txapelketa azkar bat jolastu zuten, kiniela bat egin genuen, eta bikoteak eliteko pilotariez eta herritarrez osatu genituen”.