Open Data Bizkaiagaz bat egin du Kortezubiko Udalak
Open Data Bizkaiagaz bat eginda udalak "gardentasunagaz" duen konpromisoa berresten duela azaldu dute udal ordezkariek.
Kortezubiko Udalak Open Data Bizkaia datu irekien atariagaz bat egitea onartu du. Joan den astean egindako osoko bilkuran hartu zuten erabakia; EH Bildu abstenitu egin zen.
Open Data Bizkaiagaz bat eginda udalak “gardentasunagaz” duen konpromisoa berresten duela azaldu dute udal ordezkariek.
Administrazioaren eskuetan dauden datuak herritarrei libreki, formatu berrerabilgarrietan eta baldintzarik barik erabiltzeko aukera ematea sustatzen duen filosofia bat da Open Data. Hala, esan dutenez, aurrerantzean Kortezubik toki erakundeetan eragina daukaten datu irekien atari propioa izango du, “Lurralde Historikoan sinergiak sortuz”. Atxikipena gauzatu bezain laster, Kortezubiko Udalak “zuzenean sortutako eta kudeatutako datuak” eskaini ahalko dituela diote; erroldak, ekitaldiak eta lanpostuen zerrendak, esaterako.
Kortezubiko alkate Karmele Enbeitak dio ez dutela “gardentasun gabeko” kudeaketa publikorik aurreikusten: “Gure udal lanaren oinarria herritarrengandik hurbil egotea da, gure herritarrei informazioa ematea eta entzutea; azken batean, gardenak izatea eskura ditugun tresna digitalen bidez, bai eta herritarrekin ditugun harreman pertsonalen bidez ere”.