Lau bikote, Emakumeen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketan
Emakumeen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketa bariku honetan (martxoak 18) hasiko dute; Bizkaiko hiru pilotalekutan jokatuko dute.
Emakumeen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketa Bilboko Bizkaia frontoian aurkeztu dute gaur arratsaldean (martxoak 14). Hain zuzen ere, bariku honetan (martxoak 18) Bizkaia Frontoian hasiko dute txapelketa, eta martxoaren 25ean Zallan, apirilaren 1ean Zierbenan eta apirilaren 8an Bizkaia Frontoian lehiatuko dituzte hurrengo jardunaldiak.
Finala apirilaren 22an jokatuko dute Bizkaia Frontoian. Partidu denak 19:00etan hasiko direla jakinarazi dute, eta Bizkaia Frontoiaren Facebookeko orrialdean eskainiko dituzte zuzenean. Sarrerak Bizkaia Frontoiko leihatilan erosi beharko dira, 3 eurotan.
Txapelketa lehiatuko duten zortzi pilotarien artean dago Olatz Arrizabalaga aurrelari gernikarra. Honako hauek dira txapelketako lau bikoteak: Arrizabalaga-Agirre, Garai-Gaminde, Aldai-Mendizabal eta Larrarte-Oses. Bihar jokatuko den ligaxkako lehendabiziko jardunaldian, Aldai eta Mendizabal Garairen eta Gaminderen kontra arituko dira, eta Arrizabalaga eta Agirre, ostera, Larrarteren eta Osesen aurka, 19:00etatik aurrera.
Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gaurko agerraldian esan duenez, azaldu duenez, “zortzi emakume kirolarik, txapelketa honetan behintzat, grinagatik eta zaletasunagatik baino zerbait gehiagogatik jokatuko dute. Izan ere, erakundeen lana ere bada gure lurraldeko kirolariek lan-baldintza egokiekin joka dezaten bermatzea”. Euren lana trabak “desagerraraztea” dela nabarmendu du, emakumeen kirola sustatzea eta emakumeak kirolean egiten duen lana profesionalizatzea, kasu honetan, pilotan.