Kortezubiko Udalak Barrutia eta Elorriaga arteko bidea egonkortuko du
Neguko euriteen eraginez, bidea "asko hondatu" dela azaldu dute; joan den asteko osoko bilkuran aho batez onartu zuten bidea hobetzeko lanak egitea.
Kortezubiko Udalak Barrutia eta Elorriaga auzoak lotzen dituen bidearen zorua egonkortzeko lanak egin gura ditu. Joan den astean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten lanak esleitzea.
Neguko euriteen eraginez, bidea “asko hondatu” dela azaldu dute; “arrakalak sortu dira eta zorua desegonkortu da”.
Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak dio herriaren kudeaketaren “alde garrantzitsua” dela landa bideen egoeraren eta bilakaeraren jarraipena egitea: “Gurea moduko udalerri batean, auzoak eta baserriak sakabanatuta daude, funtsezkoa da gure landa bideen sarea behar bezala mantentzea, gure bizilagunak segurtasunez sar daitezen euren baserri eta etxebizitzetara”. Gaineratu du Barrutia eta Elorriaga artean egingo duten jarduketa “beharrezkoa” dela inguru horretako bidearen segurtasuna bermatzeko.
Bideak Kortezubi eta Arratzu lotzen ditu barnealdetik. Jakitera eman dutenez, batez ere, bidearen bi zatitan egingo dituzte lanak. Zorua altxatu gura dute eta azpikoa saneatu; “hartxinga eta material iragazkorra jarriko dute”. Gainera, azaldu dutenez, erreia tinkatzeko lanak egingo dituzte, “lurra eusteko eta irristadak saihesteko”.
Lanak egiteko epea bi hilaketekoa izango da, eta aurrekontua 109.964,62 eurokoa da. Lanak ordaintzeko Kortezubiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saileko ustekabeetara diru laguntza eskatu dute.