"Gure herrian ez da nabaritzen hardcorearekiko atxikipenik"
Iñigo Ormaetxeak eta Jokin Ansotegik ‘Youth Voice’ irratsaioa sortu dute, hardcore musikaren kulturan eta gonbidatzen dituzten kolaboratzaileen ekarpenetan oinarrituta. Hiru saio grabatu dituzte, Astran.
Nondik datorkizue irrati zaletasuna?
Jokin Ansotegi: Betidanik izan dugu podcastak entzuteko zaletasuna, irratiaren jarraitzaile amorratuak izan ez arren.
Iñigo Ormaetxea: Eredu modura izan dugun saioetako bat, esate baterako, Gasteizen egiten den La bola loca da. Dena dela, hasiera-hasieratik gure lan molde propioa sortzen saiatu gara. Hardcore musikaren eszenak plazaratzea hastapeneko eta egungo helmugetako bat da. Bostonetik hasi ginen, bertako taldeak nahiz testuingurua azaltzeko; ostean, New York, California, Washington eta abar. Dena dela, konturatu gara saio denetan eszenaren inguruabarrak lantzea monotonoa izan daitekeela eta, hortaz, gonbidatuak irratiratzea erabaki dugu.
Zelan definituko zenukete Youth Voice?
J.A.: Hardcorearen gainean zuztartutako irratsaioa da. Ez dugu arazorik estilo horren ingurukoak (punka, oi! musika, rocka…) ere lantzeko; hori bai, estiloari buruzko adar asko lantzen ditugu, batez ere, historia, taldeak, zigiluak eta inguruko kultura.
Zelako harrera jaso du irratsaioak orain arte?
J.A.: Pozik gaude lortutakoagaz, batez ere, hardcorea gutxienen estiloa delako eta bere tokitxoa egin diogulako, gutxienez, gure esparru mugatuan. Halaber, podcastak kontsumitzeko bide eraginkorrenak baliatu ditugu: Spotify eta iVoox. Azken batean, jendeak tartetxo libre bat duenean entzuteko moduko edukia da gurea eta, beraz, horretarako sistemarik egokienetara jotzen dugu, efizientziaren bila. Momentuz, 400 pertsona inguruk entzuten gaituzte, eta hiru saio baino ez ditugu egin orandik.
Laguntzailerik eduki duzue proiektu hasieran?
I.O.: Hasieran Estanis Escribano eta Javier West izan genituen bidelagun. Westek, adibidez, irratsaioak grabatzen erakutsi zigun, gerora guk geuk egin ahal izateko. Halaber, lagun ugarik euren iritzia eman digute, eta baliogarria izan zaigu. Kuadrillako batek, kasurako, gidoia moldatzeko ideia aberasgarriak eman zizkigun; oro har, zabal-zabalik gaude edozein motako ekarpenak jaso eta haietatik ikasteko.
Ba al da lantzeak ilusio berezia egiten dizuen gai, talde edo eszenarik?
I.O.: Adibidez, Californiako eszena. Dena dela, edozein gai edo ekarpen ongi etorria da, eta parte hartu nahi duen edonor geugaz kolaboratzera animatu gura dugu.
Zuen hasierako planetan egon ez arren, gonbidatuak ere edukitzen dituzue saioetan, ezta?
J.A.: Bai. Platotik pasatutako lehendabiziko gonbidatua Pello Arzanegi herriko musikaria izan zen; Iparragirre Rock Elkartetik ezagutzen genuen, eta herri mailan hardcoreari buruzko jakintza gehien duen pertsonetako bat dela uste dugu. Hortaz, hura etorri zen irratsaiorako gidoi bat atondu genuen, baina, egia esan, Arzanegiri mikrofonoa eskaintzeagaz prestatuta ez zeuden hamaika gauza kontatu zituen, eta saioa oso aberasgarri eta eder bihurtu zuen.
Saioetan lantzen duguna benetakotzat daukagu: gure eszena gisa bizi dugu
Aurrerantzean, zein gonbidatu izan nahiko zenukete?
I.O.: Worth It hardcore talde bizkaitarraren inguruko Aritz Tarran ekartzea gustatuko litzaiguke; hardcore kultura goitik behera menderatzen duen pertsona da, musikari aparta izateaz gain. Gonbidatu bikaina litzateke. Hori bai, gure gonbidatu izarra Ritxar Odola izatea gura genuke.
Non grabatzen duzue?
J.A.: Gernika-Lumoko Astran. Berez, gure hasierako asmoa Iparragirre Rock Elkartean grabatzea zen; are gehiago, gure saiotik abiatuta, Iparragirre barruko irratsaio sare bat ehuntzea izan genuen buruan. Nolanahi ere, aukera horrek ez zuen aurrera egin, eta Astran grabatzea erabaki genuen. Aitortu behar dugu Astran bikain hartu gaituztela: beharrezko materiala laga digute, erraztasun guztiak eskaini, txoko atsegin batean grabatzeko aukera eman… oso pozik gaude.
Baina, bat-batean, zuen grabaketa mahaia desagertu egin zen, goizetik gauera.
I.O.: Bai. Astran norbaitek lapurreta egin eta, besteak beste, gure mahaia eroan zuen. Jakina, ekintza hori gaitzetsi egiten dugu, grabatzeko geneukan lanabes bakarra ostu digutelako. Ondorioz, zenbait saio atzeratu egin behar izan ditugu.
Zelan uztartzen dituzue Youth Voice eta zuek partaide zareten Kolpeka musika taldea?
I.O.: Garrantzitsua da egitasmo bien ardatza musika eta, bereziki, punka zein hardcorea izatea. Saioetan lantzen duguna bene-benetakotzat daukagu: gure eszena gisa bizi dugu. Gainera, Youth Voice-ek eskualdeko underground eszena bultzatzea du xede, eta Kolpeka ere eremu horretan kokatuta dago.
Irratiak, liburuek bezala, telebistak ez duen xarma berezia duela esango genuke
Musika ardatz duzuen heinean, zelan ikusten duzue Busturialdeko punk eta hardcore musikaren testuingurua?
J.A.: Gure herrian ez dago gure tankerako zerbait egiten duen talderik; ez da nabari hardcorearekiko atxikipen hori. Bermeon ostera, bai: Revertt, Ogro, Arresi edo Puro Odio taldeek bultzada oso esanguratsua ematen diote eszena horri. Gu, gure aldetik, talde horien lana eta ekina islatzen saiatzen gara, musikari gazteak dira eta.
Esango al zenukete zuon inguruko jendeak irratiarekiko eta musika lantzen duten podcastekiko zaletasuna daukatela?
J.A.: Seguru asko, egiten den lan guztiak merezi duena baino askoz ere gutxiago. Guk gure burua ez dugu eredu gisa, baina aitortu behar dugu asko gustatuko litzaigukeela inguruko gazteek guk egin dugun bidea jarraitzea, hau da, auzolanean eta autogestioan oinarrituta, irratiaren mundura hurreratzea. Nire ustez, irratia telebista baino praktikoagoa da, eguneroko kontsumoari dagokionez; horrez gain, irratiak eta liburuek telebistak ez duen xarma daukate, eta irudimena lantzeko bidea ere badira