Gero eta leku gehiago
Bihar hasi eta astebetez, Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek Gernika-Lumoko kaleak beteko dituzte. Formatu txikia alde batera utzi, eta jaialdi izaera berreskuratuko du Lekuekek.
Herritik herrirako sortua. Askotarikoa, txikia eta zuzena. Merkatuko toki nagusietatik kanpo, Gernika-Lumoko hamaika txoko girotzen ditu Lekuek jaialdiak, eta aurten ere, hutsik egin barik, gauza bera egingo du bihar hasi eta astebetez. Bederatzigarren urtez, hibernaziotik esnatuko ditu herritarrak.
Zaletasunetik abiatzen den jaialdia da Lekuek, behetik gorakoa, era parte hartzailean landutakoa, irekia, elkarlanean oinarritzen dena, eta “autentikoa”. Musikari eta musikazaleen bultzadari esker egiten dute jaialdia urtean-urtean, eta Gernika-ko bilgune ezberdinen ekarpena ere azpimarratzekoa da. Trinkete Antitxokoa itxi zutenetik, Astra eta Iparragirre dira jaialdiaren ardatz eta bultzatzaile nagusiak, baina gehiago ere badira Lekuek jaialdiagaz bat egiten dutenak
Astrako bunkerra izan zen berritasuna duela lau urte, La Vegako Arrate estudioa duela hiru edizio, eta Pasealekua duela bi. Oraingoan, baina, Kult Parnasoak hartuko du protagonismoa. “Aurten zabaldu berri den areto txikia da, kontzertu intimoak hartuko dituena. Izan ere edukiera mugatuta egongo da”, azaldu du Hibai Agorria Lekuek jaialdiko antolatzaileetako batek.
Herriko kaleak ere musikaz gozatzeko lekuak izango dira oraingoan. Picasso kalean tangoa entzun ahalko da, eta Pasealekuan Sound Sistem bat antolatu dute. Kalez kale, gainera, trikitixa eta panderoak zein kantagunekoak ariko dira. “Pasilekua salbu, aurreko edizioetan egon ez diren lekuak dira horiek”, zehaztu du Agorriak.
Berritasun horrez gain, inoiz baino gehiago dira jaialdiagaz bat egitea erabaki duten tabernak: “Herriko tabernen aldetik kristoren parte hartzea egon da aurten”. Hain zuzen ere, 25 tabernak babestuko dute Lekuek, eta hori «sekulakoa» da antolatzaileentzat: “Hainbestek inoiz ez dute parte hartu. Eskertzekoa da euren parte hartzea, bestela ezinezkoa izango litzateke jaialdia aurrera eramatea”.
Iaz formatu txikiko ekitaldiak bultzatu zituzten, pandemia tarteko, baina aurten jaialdi formatua berreskuratu dute, eta inoiz baino leku gehiago egongo dira musikaz betetzeko prest. “Pandemia eta gero, normaltasunera bueltatzeko itxaropenez egiten den jaialdia da aurtengoa. Iaz ez bezala, oraingoan ez dago ia aforo mugarik. Iazkoa harraroa izan zen, eta honekin lehengo formatura bueltatu gura dugu”.
Leku gehiagok bat egin dute jaialdiagaz, baina Lekueken filosofiak bere horretan dirau: Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea.
Urdaibai Kantaguneko kideen txupinagaz hasiko da Lekuek jaialdia
Urtero legez, herriko taldee arteko lankidetza ere “bikaina” izan da, eta hartu-eman hori sare bihurtu da. Zine Klubak parte hartzen du, baita Kalapitaka musika eskolak ere. “Lizeoan Crock of Gold proiektatuko du Zine Klubak, Shane MacGowan The Pogues punk talde irlandareko abeslari eta konpositorearen bizitza kontatzen duen dokumentala; Kalapitakakoek rock tailerra emango dute udal liburutegian”, zehaztu du Agorriak.
Musika estilo eta adin desberdinetako taldeak batzen ditu Lekuekek, eta aurten, inoiz jaialdian parte hartu ez duen udalerriko Urdaibai Kantagunea izango da protagonista. Izan ere, Kantuaguneko kideek botako dute txupina: “Astran entseatzen dute, eta bi urtez ezin izan dira entseguetan batu. Kaleak hartzearen ideia eduki genuen, eta eurek askotan girotzen dituzte udalerriko kaleak. Gernikako musika taldeetako bat da kantagunea, eta orain arte inoiz parte hartu ez dutenez, ideia polita iruditu zitzaigun euren parte hartzea, eta gonbidatu egin genituen. Pozik daude”.
Denetariko eskaintza
Merkatuko toki nagusietatik kanpo dago Lekuek. Hala, profil “oso desberdinetako” ekitaldiak antolatu dituzte, hori delako Lekueken nortasuna: estilo eta adin guztiei zuzendutako programazioa osatzea. Asteburuetan zuzeneko musika emanaldiak izango dira protagonistak, eta aste barruan, berriz, ekintzak. Kontzertuez gain, musikagaz edota kulturagaz zerikusia duten erakusketez gozatu ahalko da, baita liburu aurkezpen eta hitzaldi ezberdinez ere. Besteren artean, ilustrazioa eta musika batzen dituen erakusketa egongo da Astran, eta Beñat Gabinak Askatasuna kontu serioa da liburua aurkeztuko du.
Horiez gain, disko azokak herriko tabernak hartuko ditu domekan. “Urtero egiten dugu, eta jaialdiko lehen domekan kalera aterako dugu arte eta disko azoka. Aurton arteaz gehiago izango du musikaz baino. Gauza deigarriak izango ditu, ez bakarrik musikalak. Beti gustatu izan zaigu azoka kalera ateratzea, eta tabernen laguntzagaz aukera polita da goizetik Gernika betetzen hastek”», dio Agorriak.
Zuzenekoei dagokienez, bi zapatuak dira “indartsuenak”. Lehenengo zapatuan kaleetako kontzertuak izango dira protagonistak, eta bigarrenean Astra, Iparragirre, Lizeo edota Kult Parnasoako eta tabernetako emanaldiak. Denetariko estiloak jorratuko dituzte han eta hemen, bertoko zein nazioarteko musikariek. Izan ere, bertoko artistek zein nazioartekoek lekua dute jaialdian. “Kanpoko musikariei dagokienez, Bartzelonatik Za! taldea hurreratuko da, eta Veronatik (Italia) Guidi E Quani taldea. Blues kontzertua ere nazioartekoa da eta Asturiasetik ere gerturatuko dira musikariak. Beste denak Euskal Herrikoak dira; eskualdekoak ere badaude”, azaldu du antolatzaileak.
Izan ere, musika proiektu berriek ere euren lekua izaten dute. “Zuga, Addar taldea edota Mektub dira proiektu berri horietako batzuk. Halaber, Unairen kontzertua berezia izango da; Aterpen joko du. Musutrukek ere Seiurte talde mitikoa ekarriko du udalerrira. Badaude ezusteko politak”.
Agorriak dio kontzertu “esperimentala eta dibertigarria” izango dela Iparragirrek martxoaren 18an hartuko duena. Za! eta Gailu ariko dira oholtza gainean, eta antolatzaileak diotenez “oso kontzertu berezia” izango da.
Inoiz baino taberna gehiagok parte hartuko dute, 25ek hain zuzen ere
Modu autogestionatuan kultura egitea posiblea dela aldarrikatuko du jaialdiak beste behin. “Autogestioan egiten da Lekuek, boluntarioen lan handia dago, eta formatu txikia dauka. Ez dauka babesik. Lekuek denon artean antolatzen dugu. Horretan jardun dugu azken bederatzi ekitaldietan, eta aurten ere apustua egin dugu eta ondo atera da. Izan ere, oso zaila da autogestioz lan egitea. Orain, are zailagoa da, gainera, egoerak txikiena apurtu duelako. Eta autogestioa dago bertan. Baina guk jarraitu dugu horretan sinisten eta horri bultzada ematen”.
Bonoen salmentagaz amaitu dute, eta sarrerak ere asko saldu dira, baten batzuk geratzen diren arren. “Pozik gaude orain arteko salmentekin. Jaialdira jende asko bertaratuko da”.
Musika eta kulturaren topagune eta ospakizunen lekua da Lekuek, edozen motatako indarkeriarik gabeko gunea. “Ez da, inondik inora, jarrera homofobo, arrazista eta matxistarik onartuko”, argi adierazi dute.