Eskutik eskura, eta oinak lurrean
Errigoraren nafar helgoaldeko uztaren 'Eskutik Eskura' kanpaina martxoaren 10etik 30era izango da. Bertako oliba olio birjina estra eta kontserba, arroz pasta eta lekale-sortak eskatu daitezke, euskaraz etiketatuta eta ekoizleen jatorrizko prezioan.
Errigoraren Eskutik Eskura kanpaina atzo [martxoak 10] aurkeztu eta hasi zuten, eta martxoaren 30era bitartean egingo dute.
Nafar hegoaldeko uztan, olibaolio birjina estra eta kontserba, arroz pasta eta lekale sortak eskatu daitezke, euskaraz etiketatuta eta auzolanari esker, ekoizleen jatorrizko prezioan. Errigoraren webgunean egin behar dira eskaerak, eta Busturialdean, bost banaketa gune zehaztu dituzte: Bermeoko euskaltegian eta Eleizalde Ikastolan, Gernika-Lumoko Astran, Busturian eta Natxituan. Busturiko eta Natxituako banaketa gunea zein den 848 87 12 23 telefono zenbakira deituta zehaztuko dute.
Errigoraren izenean Xanti Kirogak gogoratu bezala, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen ehunka boluntarioren “lan nekaezinari esker”, norbere herrian jaso ditzakela produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Halaber, herritarrei luzatu die deia: “Jakin badakigu oraindik bide luzea dugula elikadura-burujabetzara, ez baita egun batetik besterako kontua; halako bideak emeki egiten dira, bidezidorrak urratuz eta autopisten bidesarietatik igarotzea sahiestuz. Baina, sarri esan dugun bezala, ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daiteke kontsumitzeko modua aldatzea. Kanpaina honek ematen du, bere xumean, horretarako aukera. Beraz, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduen aldeko orori dei egiten diogu eskaera egiteko”.
Kirogak adierazi du 2014an kanpaina honen lehen edizioa martxan jarri zutenetik, gero eta gehiago direla eurekin bat egin duten herritarrak: “Gero eta gehiago dira kontsumitzeko erak aldatzeko hautua egin duten herritarrak eta, ondorioz, gero eta gehiago ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak, emeki, baina pauso sendoz, tokiko elikadura-sistemen alde eginez”. Iazko kanpainan, esaterako, 8.200 etxetara iritsi ziren eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu zituzten.
Horregatik diote aurtengo leloan “oinak lurrean” dituztela. Izan ere, hazi egin nahi dute, bai, baina “ez edonola”. Errigoraren filosofiarekin bat eginez, “lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz” hazi nahi dute. Euren hitzetan, gorako eskaera horrek balio behar du “gero eta handiagoa” izan dadin bestelako ekoizpen-ereduen arabera lantzen den lur-eremuaren zatia, eta bestela bana dadin bere uzta: “Balio behar du ekoizleen artean gero eta gehiago izan daitezen agroekologiaren printzipioen arabera aritzen direnak. Eta balio behar du euskarak nafar ekoizpenaren eremuan ere bide egin dezan”.
Kirogak azpimarratu bezala, oinak lurrean dituzte, amets egiteari uko egiten ez dioten arren, ez direlako ametsetan bizi. Haren esanetan, oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak: lur-eremu berriak jarri dituzte bestelako ereduen esku, merkatuaren logikan eta kanpora bidaltzen ziren produktuak Euskal Herrian eta bestelako ereduen kontsumitu daitezen lortu dute, kanpotik ekartzen zituzten produktuen ekoizpena bertan berreskuratzen lagundu dute, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diote eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiote.
Iruñeko Geltokin aurkeztu eta olio-dastaketa egin zuten atzo. Xanti Kirogak (Errigora), Kiko Fernandezek (Bardea) eta Mirian Otxotorenak (CPAEN-NNPEK) eman zituzten kanpainari buruzko azalpenak, eta Cascanteko La casa del aceite errotako Mario Gomarak (2019an oliba-olio birjina estra dastatzaileen lehenengo nazioarteko lehiaketa irabazi zuen taldeko kidea ) gidatu zuen olio-dastaketa.
Fernandez, besteak beste, kanpaina honetako eskaintzaren parte den Bardea olioaren ekoizlea, biata txitxirio ekoizlea eta Hazialdeko elkarteko kidea da, eta nabarmendu zuen ekoizpenean pausu berriak emateko “bultzada handia” eskaintzen duela Errigora bezalako ekimen batean biltzen den eskaerak. Izan ere, ekoizpen berriei ekiteko edo lur eremu berriak landatzeko apustua egitean ekoizleek izaten duten ziurgabetasuna arintzen laguntzen duela arrazoitu zuen, “ekoitzitakoaren salmenta eta banaketa izaten baita sarritan apustu berriei muzin egiteko galga nagusia”. Bestalde, adierazi zuen ekoizleei euskaraz kontsumitu nahi duen komunitate handi bat parez pare agertzean, euskararen “posizionamendua aldatu egiten dela eta balio praktikoa eransten zaiola hizkuntzari”. Horrela azaldu daiteke, bere aburuz, Errigorako ekoizle guztiek 2023rako enpresetan euskara-planak abiatzeko hartutako konpromisoa.
Otxotorena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren lehendakariak balioan jarri zituen Errigorak azken urteetan ekoizpen ekologikoa sustatzeko emandako pausuak. Errigorak bidelagun izan du euren kontseilua hainbat produkturen ekoizle ekologikoak topatzeko eta harremanetan jartzeko. “Nekazari eta transformatzaileen artean eraikitako zubiak funtsezkoak dira, izan ere, gehiegitan elkarri bizkarra emanda aritu dira eta elkar-ulertze hori ezinbestekoa da tokiko-elikadura sistemak garatzeko. Bertan ekoizten dena bertan kontsumitzeko bideak erraztea da, hain zuzen, Errigoraren balio nagusietakoa”.
Produktu ekologikoak kontsumitzeko deia egin zuen, agroekologiak elikadura-burujabetzara bidean eskaintzen dituen onurak azpimarratuz, “ingurumenaren ikuspegitik zein ikuspuntu sozialetik”.