Markel Arano natxituarrak Espainiako XXX. FEDDI Kros Txapelketa lehiatuko du
Markel Arano natxituarrak Espainiako XXX. FEDDI Kros Txapelketan parte hartuko du, zapatuan [martxoak 12]. Basauriko kirol egokituko Ascensores Bertako-Javi Conde klubak antolatuta, Basauriko Lapatza zirkuituan, 10:00etatik aurrera lehiatuko dute proba. Esan dutenez, hamar autonomia erkidegotako 151 atletek parte hartuko dute. Kopuru horretatik 47, talde anfitrioiko taldekoak izango dira, eta horien artean izango da Markel Arano natxituarra.
Atleta guztiek proba bera lehiatuko dute. Zehazki, Lapatzako zirkuituari bira bat emango beharko diote, 1.100 metroko lasterketa osatuz.
Javi Conde taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, Arano “sasoi onean” dago. “Hainbat podium lortu ditu Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan, eta Espainiako Txapelketan ere emaitza ona lortu eta podiumean egoteko aukera handia duela uste dugu”.
Lasterketa amaitu ostean, sari banaketa egingo dute, eta momentu horretarako “ezusteko” bat prestatu dute. “Arano oso bertsozalea da, eta atleta guztiei eskainitako bertso bat prestatu du. Bertsoren bat idatzi eta abestuko lukeen galdetu genion, eta enkargu hori pozik beteko duela esan zigun. Bi sari emate egingo dira, eta bertsoa azken sari ematean abestuko du”.