"Malostek azken urteotan ikusi duen saiorik traketsenetakoa"
Emakumezkoen Endesa Ligan, ez dago partidu errazik. Telerifekoak taulako azken iritsi ziren atzoko Malosteko partidura, baina norgehiagoka eskuratzea lortu zuten.
Lointek Gernika Bizkaiak atzo Malosten jokatutako partidua labur-laburrean definitu daiteke: erraztasun gehiegi defentsan. Gernikak gogor egin zuen erasoan, baina hasierako 6-7tik erraztasun larregi utzi zizkion Teneriferi. Bjorklundek jaurtiketetan asmatu zuen, baina Hruskacovaren baloirik gabeko jokoak Lointekeko entrenatzaile Mario Lopez lehendabiziko hutsartea egitera derrigortu zuen, partiduak lau minutu eta erdi zeramatzanean abian. Talde gernikarrak beharrezkoa zuen defentsako tentsioa areagotzea, Hruskacovak min handia egiten baitzien barrualdetik eraso egiterakoan eta bere 2-3 metroko jaurtiketekin. Lehen laurdena ilun samar bukatu zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat: 16-19. Konturik arriskutsuena, baina, Tenerifek erdietsitako joko oso erosoa izan zen, gernikarrentzat partidu benetan gogorra izango zen erakusle.
Bigarren laurdenean ere, urek iturri beretik egin zuten Lointek Gernika Bizkaiarentzat; hori bai, sikiera, defentsa lerroak hobeto doitu zituzten. Jokoaren dinamikak eraldatu arren, etxeko taldeari izugarri kostatu zitzaion erasoan arriskua sortzea, eta ezintasun horrek isla izan zuen, era berean, defentsan. Goreckik abagune hori ondo aprobetxatu zuen. Bigarren laurdenean, Lointek Gernika Bizkaiak erakutsitako irudiak Malosteko ikusleak asko arduratu zituen; gogora ekarri zien Bembibre sailkapeneko azkena zela hartu, eta haren kontra galdu zuen talde hura. Oso jaurtiketa gutxi borobildu ahal izan zituzten gernikarrek: 2ko zazpi jaurtiketa, hemeretzitik. Oro har, erabaki traketsak igarri ziren bigarren laurdenean, 27-37 amaitzeko.
Bigarren zatian lortu zuen Tenerifek aldea gehien mardultzea: 27-40. Momentu hori izan zen partiduko eskasena etxekoentzat; hortik aurrera, baina, hobetu besterik ez zuten egin. Bjorklundek jaurtiketetarako dituen bertuteak plazaratu zituen, markagailua 34-40ra eroateko. Dena dela, jarraian bere laugarren pertsonala ezarri zioten, eta horrek behetik gorako joera zertxobait galgatu zuen. Bjorklund barik eta Higgsek eskuan min hartu ostean, Belen Arrojo, Tinara Moore eta Roso Buch jokalariek erasoaren ardura guztia euren sorbaldetan hartu behar izan zuten. Garaiz iritsi zen erreakzioagaz, Lointek Gernika Bizkaia sentsazio baikorragoak transmititzen hasi zen; 48-51 amaitu zen hirugarren aldia.
Laugarren aldian noraezean ibili zen etxeko taldea: norgehiagokari eusteko gai ziren, baina jokotik kanpo zeuden, eta Teleriferen bost puntuko aldea murriztea kontu gaitza zen. Hiruko jaurtiketa bategaz lortu zuen hori Bjorklundek; ondoren, denfentsa lan sendoa erakutsi zuten, eta Moorek berriro laburut zuen aldea, bi puntura. Gero, hala Brcaninovicen, nola Bjorklunden hirukoak ez ziren saskiratu, eta luzapenera joan ziren bi taldeak. Azken zati gehigarri horretan, Lointek Gernika Bizkaiak ez zituen ondo baliatu bere aukerak. Oso kamuts ibili ziren erasoan, eta Mayombok saskiratutako hiruko jaurtiketak min handia egin zien: 65-69, saioa amaitzeko minutu bakarra faltan. Brcaninovicen jaurtiketak 67-69koa jarri bazien ere, Oceteren azken saskiratzeak Kanariar Irletako taldeari eman zion partidua: 67-72. Porrot gogorra bai Lointek Gernika Bizkairentzat, bai Malosterentzat.
Saio amaieran, Gernikako entrenatzaileak, Mario Lopezek defentsa lan “eskasak” nabarmendu ditu, batez ere, atsedenaldira ordukoak: “Tarte horretan ez dugu gure benetako maila erakutsi; presaz jokatu dugu, erabaki txar mordoa hartuta, eta arerioa gu baino askoz gehiago izan da”. Atsedenaldiaren ondoren, taldeak burua baino bihotz gehiago jarri duela adierazi du Lopezek: “Motibazioa momentu orotan mantendu dugun arren, esango nuke saio osoan zehar buru barik ibili garela. Apurka-apurka markagailuari buelta ematen saiatu gara, baina guztia kontra izan dugu, eta epailetza ere negargarria izan da; Tenerifekoak gu baino hobeto ibili dira, eta guk, ostera, Malostek azken urteotan ikusi duen saiorik traketsenetakoa egin dugu”.