Iparragirreren bizitza oholtzaratuko du Gernika Antzerki Taldeak
Gernika Antzerki Taldeak ‘Iparragirre eta Gernika’ antzezlana aurkeztuko du zapatuan eta domekan, Lizeo antzokian. Besteren artean, Gernikako Udal Banda omenduko dute oholtzan.
Iparragirre eta Gernika antzezlana aurkeztuko du asteburuan Gernikako Antzerki Taldeak; zapatuan eta domekan, 19:00etan, Lizeo Antzokian jarri dute hitzordua. Aurreko urteetan egin legez, Gernikako historian garrantzitsuak diren gertaerak landuko dituzte, eta Jose Maria Iparragirre musikariaren bizitzan jarriko dute fokua aurten. Izan ere, modu ludikoan, udalerrian gertatutakoak ezagutaraztea eta zabaltzea da euren asmo nagusiena.
Antzerkiaren zuzendari eta gidoilari Vicente del Palaciok dio antzezlana 2020an aurkeztu behar zutela, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrenean, baina pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan zutela aitortu du. “Pandemiaren ondorioz, sortu diren gorabehera guztiak direla eta, atzeratuz joan da, eta bi urte beranduago ailegatuko da”.
Bi zati ditu obrak. Lehenengoan Iparragirreren bizitza kontatuko dute, eta bigarrenean, 70eko hamarkada inguruan desagertu zen Gernikako Udal Banda omenduko dute.
“Iparragirreren bizitza gure erara kontatzen dugu lehen zatian, modu poetikoan, eszena desberdinak landuta”, azaldu du zuzendariak. Besteren artean, Iparragirreren gaztaroa, Madrilera joan zeneko garaia edota gerra karlistetan borrokatu zuenekoa landuko dute oholtza gainean: “Gerra karlisten ondoren Frantzian eta Italian bizi zen erbesteratuta. Gero, Euskal Herrira itzultzeko baimena lortu zuen, eta euskal lurraldean ibili zen kantuan”. Momentu jakin horietako batean abestu zuen lehenengoz Gernikako Arbola kantu ezaguna Tolosan, eta Guardia Zibilak atxilotu zuen berriro, Euskal Herritik kaleratuz. “Madrilera joan zen, eta han ere Gernikako Arbola kantatu zuen San Luis Kafetegian. Han izango zuen bere lekua musikariak, eta han finkatuko da Gernikako Arbola kantua euskal ereserki modura”, azaldu du del Palaciok.
Iparragirre Gernikan inoiz egon ez bazen ere, Gernika nazioartean zabaldu zuen ereserkiaren egilea delako egingo diote aitorpena: “Abestiak Gernikarekin dauka zerikusia, eta askok ereserki bezala dute. Iparragirrek Gernikagaz daukan zerikusia da bere ereserkiak Gernika nazioartean ezagutaraztea eragin zuela”.
Bigarren zatian, Gernikako Udal Banda omenduko dute. Izan ere, 1920an, Iparragirreren jaiotzaren mendeurrenean, musika banden lehiaketa bat egin zuten Urretxun –Gipuzkoako herri horretan jaio zen musikaria–, eta Gernikako Musika Bandak irabazi zuen. “70eko hamarkadan desagertu zen taldea, 1972. urte inguruan. Taldea oso maitatua zen udalerrian, Pasealekuan domeka guztietan jotzen zutelako, eta hori zelako garaiko dibertsio bakarra. Adineko jendeak oraindik gogoratzen du hori, eta horregatik omenaldia egitea erabaki dugu”, zehaztu du zuzendari eta gidoilariak.
Garaipen hura gogoratzeko asmoz, Segundo Olaeta Musika Eskolako Bandak 1920ko lehiaketako abesti saritua interpretatuko du berriro: 1812ko Tsaikovskiren obertura obra. Halaber, Gernikan ezaguna den Hemen dago abestia ere joko dute, jendeak afari baten hasieran edo amaieran abesten duena: “Ricardo Arrieni egindako omenaldia da hori, berak bultzatu baitzuen abestia”. Zehaztu dutenez, obraren eszena batean Ross Dantza Eskolako ikasleek ere parte hartuko dute.
Entseguak. Entseguak “oso kaotikoak” izan direla dio zuzendariak, batzuetan eten egin behar izan dituztela, eta beste batzuetan, jende kopurua mugatu behar izan dutela adieraziz: “Horrek guztiak asko mugatu gaitu, obran 34 pertsonak lan egiten baitugu. Guztiak boluntarioak”. Hain zuzen ere, 34 lagun dira lehen zatiko protagonistak, eta horiez gain, musika eskolako 30 musikarik parte hartuko dute bigarrenean. Bakoitzak bere aldetik entseatu duela dio del Palaciok, eta gaur azken entsegu orokorrean bilduko direla jakinarazi du.
Herritarrei Lizeo Antzokira joateko deia egin die, udalerriko historian sakontzeko aukera ona delako. Horretarako, leihatillan eskuratu beharko dira sarrerak, egunean bertan: “Ez dira zerrendatuak izango”.