Elkartasunez beteta, Bermeotik Poloniara
Lehengaiekin autobus bete doa Bermeotik Izaro Sub taldearen ekimenez, eta buelta, Ukrainako errefuxiatuekin egingo dute. Busturialdeko Hitzako lankide batek Poloniarako bidaia egingo du Izaro Sub taldekoek gonbidatuta.
Ukrainan gertatzen ari denagaz arduratuta, hainbat dira laguntzeko prest dauden elkarte, talde zein norbanakoak. Horren adibide da Bermeoko Izaro Sub taldea. Martitzenean Poloniarako bidea hartuko dute, elkartasunez beteta. Bermeotarrek autobus bete eroango dute. Lehengaiak han utzita, Ukraniako errefuxiatuekin bueltatuko dira.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ko lankide batek Poloniarako bidaia egingo du Izaro Sub taldekoek gonbidatuta. Hala, irakurleek egunez egun eduki ahalko dute bidaiaren berri, xehetasun guztiekin.
Beti laguntzeko prest dauden talde horietako bat da Bermeoko Izaro Sub, eta oraingoan ere, ez du atzean geratu gura izan. Horien zaletasuna urpekaritza era urpeko arrantza baldin badira ere, arduratuta daude ingurumenagatik eta gai sozialengatik. Oraingoan, Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko beharra dagoela ikusi dute, eta egun gutxi batzuetan Poloniarako bidaia prestatu dute. Egunotan “gainezka” dabiltza, dana antolatzen.
Bidaia Bermeoko Tuñez Sanchez autobusen enpresagaz egingo dute: “Euren denbora emateko prest egon dira. Guk baimenak, gasolina eta bidesariak baino ez ditugu ordaindu behar”. Bidaiaren kostua, gutxi gorabehera, 6.500 eurokoa dela zehaztu dute. Hala, herritarren laguntza eskatu dute. Bizum bidez egin daitezke diru laguntzak, 611 51 74 26 telefono zenbakira edota hurrengo kontu korrontean: ES72 3008 0282 19 4630059121.
Bilduta daukatena asko da, furgoneta bategaz ari dira leku desberdinetara joan-etorriak egiten, etenik barik dabiltza egunotan; “asko dira gugaz harremanetan jarri diren elkarte eta enpresak gauzak eroateko”. Azaldu dutenez, Bilboko enpresa bati esker, hanka ortopedikoak ere badaramatzate. Bermeoko kontserba enpresatara ere jo dute, kontserbak eroateko. Herritarrek ere, badaukate laguntzeko aukera; izan ere, domekara bitartean, Izaro Subek antzinako abere hiltegian (Artike bidea) daukan lokalean jasoko ditu lehengaiak: bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta asteburuan 11:00etatik 14:00etara. Honakoak lehenesten dituzte: garbitasun pertsonalerako artikuluak, neguko arropak, jakiak, su txikiak eta material soziosanitarioa. Badakite, autobusa txiki geratuko dela daukaten guztia kontuan hartuta.
Martitzenean abiatuko dira eta bost eguneko bidaia egingo dutela zehaztu dute. Ez dakite oso ondo zer den aurkituko dutena, eta horregatik, ibilbide desberdinak daramatzate. Hara heltzerakoan ere, jomuga desberdinak dauzkate aurreikusita; “orduetan gauzak aldatu egiten dira, erosoena eta errazena dena egitea da asmoa”. Hori bai, buelta Ukrainiako errefuxiatuekin egingo dute; autobus bete, 65 inguru etor daitezkeela zehaztuta.
Bermeotarrek erakutsi duten laguntza eta babesa eskertu gura izan dute Izaro Sub taldeko kideek. Diotenez, albistearen berri izan eta berehala hasi dira herritar asko etxebizitzak eskaintzen bai eta diru laguntzak bideratzen ere. “Asko dira laguntzeko prest daudenak”, diote.