Egokitze lanak egin dituzte Muruetako hiru gunetan
San Martinen, Sagatxean eta Tomas Iturrin egin ditu Muruetako Udalak egokitze eta hobetze lanak.
Muruetako Udalak egokitze eta hobetze lanak egin ditu San Martinen, Sagatxean eta Tomas Iturrin. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, lan horiek egiteko Kortezubiko eta Ajangizko udalen laguntza eduki du Murueta Udalak. Azaldu dutenez, hiru herrietako udal langileak elkarlanean aritu dira.
San Martinen, esaterako, kanalizazio lanak egin dituzte, lur publikoan. “Zelaitik joaten ziren urak San Martin Baserrira ez iristeko egin dira lanak”, esan dute udal ordezkariek.
Sagatxean ere kanalizazio lanak egin dituzte bide hegalean, “bidean ur putzuak ez sortzeko”. Azaldu dutenez, bidearen “segurtasuna” bermatu gura izan dute.
Tomas Iturrin, berriz, urbanizatu egin dute bidearen azken zatia; zoladura berria jarri dute eta zabaldu egin dute gunea; “iriste erraztasuna eta segurtasuna” bermatzea izan da udalaren helburua. Gainera, bidearen sarreran pibote bat jarri dute, ibilgailuak barrura sartu ez daitezen.