Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Gernika-Lumoko bulegoa lekualdatu dute
Bihartik (martxoak 11) aurrera, Bekoibarra kaleko 13. zenbakiko 1. solairuan emango dute arreta.
Bihartik aurrera (martxoak 11), Gernika-Lumoko Bekoibarra kaleko 13. zenbakian, 1.solairuan eskainiko du bezero arreta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Arreta-ordutegia astelehenetik eguenera 09:00etatik 14:30era eta barikuetan 09:00etatik 14:00etara izango da.
Orain arte Merkatu plazan ematen zuten arreta, eta orain, lekualdaketa eginda, zerbitzu danak “eraikin modernoago eta erabat irisgarrian” bilduko dituztela zehaztu dute. Espazio barria “askoz zabalagoa, erosoagoa eta funtzionalagoa” izango dela uste dute, eta bezeroei behar dituzten izapideetarako arreta pertsonalizatua jasotzeko aukera emango diela. Izapide hauek bideratuko zaizkie bulegoan: kontagailuen irakurketak ematea, bankuetako helbideratzeak kudeatzea, altak, bajak eta titular-aldaketak izapidetzea, fakturazioarekin erlazionatutako kudeaketak, kexak edota erreklamazioak.
Gogoratu dute Gernika-Lumoko bulegoaz gain, Busturialdean beste bi dauzkala Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak: Bermeokoa (Ertzilla kalea, 6-8) eta Sukarrietakoa (Portuondo bide, 7). Gainera, partzuergoarekin edozein kudeaketa egiteko, 94 487 31 87 telefono-zenbakiaren bitartez zein webgunean egin ditzakete, eta bulego birtualaren bidez, faktura elektronikoan alta emateko aukera eskaintzen dute.