Azken eguneko salmentak nabarmendu dira Winter Market eskaintzen azokan
Laugarren urtez egin dute Winter Market eskaintzen azoka, Gernika-Lumon. Merkatariek askotariko produktuak kalera atera zituzten, barikuan, zapatuan eta astelehenean (martxoak 4,5 eta 7), eta Gernika Merkatari Elkarteko arduradunek esan dute batik bat azkenengo egunean salmenta kopuru polita lortu zutela, eta lehenengo bi egunetako eguraldiak kaltetu ziela.
Barikuan eta zapatuan Merkatu plazan egon ziren, eta astelehenean, berriz, Domingo Alegria plazan eta saltokiak dauden inguruko kaleetan: “Astelehena oso ona izan zen; barikuan eta zapatuan, ez zen jende asko animatu, jende gutxi ibili zen Gernikatik, euriagatik seguruenik. Gainera, jende askok ez zekien Merkatu plaza barruan geundela. Ostera, astelehenean, egun ona egin zuenez, eta kalean egon ginenez, oso ondo saldu zen, pozik amaitu genuen”.
Azken azokekin konparatuta, antzeko emaitza eduki dute: “Balorazioa urterokoaren modukoa da; azoka egiteak merezi du, jendea erakartzen du. Merkatariek euren eskaintzak egiten dituzte, eta erosten dutenak oso pozik irtetzen dira”.
Beraz, egiten segitu behar dutela argi daukate: “Hurrengoan gauza gehiago egingo ditugu. Izan ere, azkenaldian pandemiagatik modu apalagoan egin dugu. Orain egoera hobetzen joan bada ere, prestakuntza lanak askoz arinago hasten ditugu, eta azken honekin ere hori gertatu zaigu. Udara begira, beste buelta bat emango diogu bai jendearentzat eta baita umeentzat ere erakargarriagoa izateko, adibidez, animazioa ere berreskuratu gura dugu”. Pandemia aurreko azoka antolatzera heltzea da euren nahia.
Tailerrak ere mantendu egingo dituzte. Zure Alderen eskutik eskaini duten tailerra “arrakastatsua” izan da: “Jende-ilarak egon ziren. Tailerrak beti izaten dira arrakastatsuak”.