ZDUren arabera, eukaliptoen azalera 735 hektareatan gehitu da Urdaibain
Talde ekologistaren arabera, eukalipto landaketak Europako Natura 2000 sarean egiten ari dira, hau da, Urdaibai Biosfera Erreserbako eremu babestuetan.
Zain Dezagun Urdaibai (ZDU) ekologisten elkarteak jakitera eman duenez, 2018an pinuaren banda marroia zabaldu zenetik, “eukaliptoaren zabaltzeak ez du mugarik”; Urdaibai Biosfera Erreserban 735 hektarea eukalipto gehiago landatu direla diote. Hala, pinudien ordez, eukaliptoan landatzen ari direla zehaztu dute: “Oka arroan pinudien 841 hektarea gutxiago daude”.
Gainera, eukalipto landaketak Europako Natura 2000 sarean egiten ari direla dio ekologisten taldeak, hau da, Urdaibai Biosfera Erreserbako eremu babestuetan. “Oka ibaian, natura 2000 esparruan, guztira, 209 hektarea eukalipto daude landatuta, eta 2018ko inbentariotik 2021kora 22 hektarea gehiago zenbatu dira Urdaibaiko Ibai Sare babestuan”.
Gogorarazi gura izan dute Natura 2000 eremuetan “debekatuta” dagoela hazkunde handiko kanpoko espezieak landatzea (pinua, eukaliptoa, haritz amerikarra…), “Urdaibai Biosfera Erreserbako 2016ko arautegiak ezartzen duen moduan”.
ZDU elkarteak ondorio bat atera du: “Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Urdaibaiko Patronatuaren eta URA agentziaren arduraduna) ez dira bere lana egiten ari. Orduan, publikoki eta haserre betez eskatzen dugu, denon aurrean egiten den legeen urratzea eta inguramenaren kaltetzea onartezina denez, lehen baino lehen neurriak hartzea eta legez kanpo dauden eukalipto eta bestelako espezie debekatuak kendu araztea eta kaltetutako espazioetan bertoko basoa zabaltzea”. Halakorik gertatzen baldin ez bada, “delitu ekologikoaren bidea” hartzea baino beste biderik ez dutela izango esan dute; “lurralde antolamendu, natura eta kultura ondarearen eta ura babesaren aurkako erasoak gertatzen ari baitira Urdaibaiko Biosfera Erreserban”.
Datu “esanguratsua eta kontutan hartzekoa” dela uste dute Busturialdeako lur publikoetan daudela eukaliptoz jantzita dauden 257 hektarea.
Bizkaia ere aipatu dute, zuhaitz monolaborantza 1.015 hektareatan hazi dela aipatuta: “2018 eta 2021 inbentarioen aldea nabarmena da, 5.234 pinudi gutxiago baitago, eta 4.575 hektarea gehiago eukaliptoz landatuta. 2021 urteko inbentarioak 2020 urteko datuak jasotzen ditu, eta azken bi urteetan ehunka edo milaka hektarea eukalipto landatu dira Urdaibain eta Bizkaian. Aurten, oraindik ere, Bizkaian luzamendua onartu ez denez, martxan dira eukalipto landaketak”.