Martxoaren 16an grebara joateko prest diraute udal langileek
ELA eta LAB sindikatuek hilaren 16an grebara joateko borondateari eusten diote, udalak bertako langileen egonkortzearen inguruko negoziazio mahairik eratu ez duela salatuz.
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Gernika-Lumoko udal beharginek elkarretaratzea egin dute, gaur goizean, Foru plazan. Udaletxearen aurrean, udal langileek eta sindikatuetako ordezkariek aldarrikatu dute martxoaren 16an grebara joateko asmoz daudela. Udal langileen lan baldintzen egonkortzea dute helburu, eta horretarako udalagaz “negoziazio mahai bat lehenbailehen eratu beharra” dutela azaldu dute. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, udal langileen egonkortzearena pandemia aurretik datorren gatazka da: 2020an nahiz 2021ean hiru bilera egin zituzten udalagaz, eta aurten, ostera, bat ere ez. Era berean, argitu dute “lantzeko gai asko eta asko” daudela, baina negoziaziorako borondate “oso gutxi”.
Negoziazio mahaira eroan gura dituzten gaien artean, besteak beste, jubilazioak, OPEak, lan eta segurtasun batzordea, balorazioak edota errelebo kontratuak daude; horiei, gainera, Giza Baliabide Planaren ondorioak gehitu zaizkie azken asteetan. Bai ELAk, bai LABek adierazi dute “lanerako prest” daudela: “Proposamenak egiteko eta udaletxeko jarduera ahal den gehien hobetzeko gogotsu gaude, baina argi dugu erabakiak ezin direla alde bakarretik hartu; momentu honetan, langileok informatu besterik ez gaituzte egiten, alegia, negoziazio mahaian parte hartu barik”.
Bitarteko langileentzako Egonkortze legea ere euren eskariei batu zaie azkenaldion; Gernika-Lumoko Udalean eta bere erakunde autonomoetan, hain zuzen ere, 63 bitarteko behargin daude, egun. Egonkortze legeak, hori bai, epemuga zorrotzak ditu; lehenengoa, ekainaren 1a. Legearen epeek estututa, ELAk eta LABek negoziazio mahaira batzea eskatu zioten udalari, baina udala eskari horrekiko “zeharo entzungor” egon dela adierazi dute. Grebara joateko aukera mahai gainean jarri zutenean jaso zuten udal langileen ordezkariek udalaren erantzun bakarra, adierazi dutenez: “Ana Hormaetxe zinegotzi arduraduna zuzendu zitzaigun, lege horretan ezarritakoak kanpoko kontratu baten bitartez beteko zutela esateko”.
Horren aurrean, udal langileak ez daude ados kudeaketa kanpo enpresa bategaz egitearen erabakiagaz; halaber, argitu dute udalak ez duela adierazi kontratazioa noiz eta zelan egingo duen, sindikatuekin adostasunera heltzeko asmoa duen, edota batzarretarako deituko dituzten. Hori dela eta erabaki zuten, joan den barikuan, ELAk eta LABek greba deialdia Eusko Jaurlaritzan erregistratzea. Sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dute “bestelako egoera bat” bizitzea gustatuko litzaiekeela, baina Gernika-Lumoko Udalaren “gaitasun eta ardura-ezak” eroan dituela erabaki hori hartzera.