Landa arrano arrantzalea Urdaibaira bueltatu da
Urdaibai Bird Centerreko arduradunek jakinarazi dutenez, emakumearen nazioarteko egunarekin bat eginda, Landa, Urdaibaiko arrano arrantzale emerik entzutetsuena atzo, (martxoak 8), 16: 54ean, heldu zen Urdaibaira.
Landa (T06 eraztuna daramana) iaz Urdaibain txitak izan zituen lehenengo arrano arrantzale emea da. Negua Saharaz hegoaldeko Afrikan igaro ondoren, bueltatu da. Urdaibai Bird Centerreko arduradunek Roy arrano arra laster iristea espero dute: “Aurtengo honetan, laster iristea espero dugun Roy arrano arrari aurrea hartu dio”. Aurten “itxaropen handia” daukatela azpimarratu dute.
Halaber, gogoratu dute zuzenean ikusteko aukera dagoela: “Naturatik bertatik, guztiontzako zuzeneko ikuskizun zoragarria hasi da dagoeneko”. Beraz, etxetik sartu eta gozatzeko gonbidapena luzatu dute zentroko kideek.
Hemen lotura: https://www.youtube.com/user/urdaibaibirdcenter.
Iazkoa, historikoa. Urdaibain iazko maiatzean jaiotako hiru arrano arrantzaleak ekainean hil ziren (horietako bat albinoa zen). Kantauri kostaldeko lehen bi arrano arrantzaleak 2021eko maiatzaren 30ean jaio ziren, eta Urdaibain lehenengo arrano arrantzaleak jaio izana “eklosio historikotzat” jo zuten Urdaibai Bird Centerreko arduradunek.