Ibilgailu elektriko eta ekologikoen nazioarteko zirkuituak Bermeon egingo du geldialdia
Greenpower Iberia-Bridgestone ibilgailu elektriko eta ekologikoen nazioarteko zirkuituaren bigarren jardunaldia hartuko du Bermeok, martxoaren 20an.
Greenpower Iberia-Bridgestone ibilgailu elektriko eta ekologikoen nazioarteko zirkuitua aurkeztu dute gaur [martxoak 9], Bilbon. Oraingo honetan Bizkaiko udalerri gehiagotan egingo dute eta ikastetxe gehiagok parte hartuko dute. Izan ere, iaz Bilbon eta Barakaldon egin zituzten probak eta aurten horiei Bermeo, Trapagaran eta Santurtzi batu zaizkie, eta 2021ean hamar hezkuntza zentrok parte hartu zuten, eta aurten, ostera, hamabost izango dira. Gaurko aurkezpenean egon da, besteren artean, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea.
Domeka honetan, Bilboko San Mames futbol zelaiaren aurrean egingo dute lehenengo proba. Hurrengo astean, Bermeoko Lameran edukiko dute hitzordua; aurreikusi dutenez, 10:00etatik 12:30era eslalom eta drag probak egingo dituzte eta 13:15etik 14:15era esprintak. 14:30ak aldera banatuko dituzte sariak.
Egutegia:
- Bilbo. Martxoak 13 (F24/F24+).
- Bermeo. Martxoak 20 (Goblins).
- Trapagaran. Apirilak 24 (F24/F24+).
- Santurtzi. Maiatzak 29 (Goblins).
- Barakaldo. Ekainak 5 (Goblins).
Hezkuntza ekimen hori 9-25 urte bitarteko ikasleentzat da, eta eurek egindako auto elektriko bategaz lehiatzen dira. “Lehiaketetan automobilek motor elektrikoaren eta baterien konbinazio bategaz, betiere guztientzat berdina dena, aurrez ezarritako ibilbide batean ematen dituzten itzulien kopurua lehenesten da. Ibilgailuaren beste alderdi batzuk, hala nola karrozeriaren diseinua edo hobekuntza mekaniko edo elektrikoak sartzea, parte-hartzaileen sormenera irekita daude”. Talde irabazlea bateria agortu gabe kilometro gehiago egitea lortzen duena izango da, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.
Taldeak honako kategoriatn lehiatuko dira: 24 Formula (F24), Bigarren Hezkuntzako ikasleak, 11 eta 16 urte bitarteko gazte-elkarteak eta -klubak; 24+ Formula (F24+), Batxilergoko, LHko, unibertsitateetako ikasleak eta industria-taldeak, 16 eta 25 urte bitartekoak; eta Goblins, Lehen Hezkuntzako ikasleak, 9 eta 11 urte bitartekoak.