780 marihuana landare aurkitu dituzte Ereñoko baserri batean
Plantazioaren ustezko arduradunari, 69 urteko gizonari, droga-trafikoaren delitu bat eta argindarrarekin iruzur egitearen beste delitu bat leporatu dizkiote.
Ertzaintzak urtarrilean hasitako ikerketa baten ostean, 780 marihuana landare aurkitu zituzten atzo [martxoak 8], Ereñoko baserri batean. Plantazioaren ustezko arduradunari, 69 urteko gizonari, droga-trafikoaren delitu bat eta argindarrarekin iruzur egitearen beste delitu bat leporatu dizkiote.
Esan bezala, ikerketa urtarrilean hasi zuten. Segurtasun Sailetik azaldu dutenaren arabera, Gernikako Ertzain-etxeko agenteek marihuana “usain handia hartu” zuten herrian bakartuta dagoen baserri batean. Une horretan hasi zituzten hutsik zegoela zirudien eta jarduera eskasa zuen baserria zaintzeko eta jarraipena egiteko lanak.
Ertzainek egindako lehenengo ikerketetan, marihuana usainaz gainera, eraikinera sartzen ziren ureztatzeko hodiak ikusi zituzten. Jarraian, egiaztatu zuten aipatutako eraikinak batere kontsumo elektrikorik ez zuen arren, etxera lotutako lineak “marihuana plantazio batekin bateragarriak izan zitezkeen argindar kontsumoak” zeuzkala: “Gainera, argindarraren enpresako teknikariek egiaztatu zuten argindarraren deribazio bat zegoela etxeko kontagailura heldu aurretik, eta argindarrarekin iruzur egitearen delitu bat adierazten zuen horrek”.
Zaintza-dispositiboan agenteek ikusi zuten etxebizitzaren titularra bere autoan joaten zela baserrira, eta pentsatu zuten baserria “marihuana-plantazio bat mantentzeko erabiltzen ari zela”.
Ertzaintzak baserrian sartzeko eta miaketa egiteko epailearen agindua eskatu zuen, eta atzo sartu ziren eraikinean. Barruan gune ezberdinetan banatuta 780 marihuana landare aurkitzeaz gain, “prentsatutako bi kukulu kilogramo zituen kaxa bat, lanparak, hezetasun-kengailuak eta landareak hazteko eta eraldatzeko behar den azpiegitura” zeudela jakinarazi dute.