Erkiaga eta Zabala, finalerako txartelagaz
Jai Alai Winter Serieseko finalerako lehen sailkatuak dira, hiru partiduak irabazita: 2-1, Barandika eta Lekerikaren kontra; 2-0, Olharan eta Etchetoren aurka, eta 2-1, Beaskoetxea eta Aldazabalen kontra.
Joandako asteburutik bukatuta zeuden Jai Alai Winter Serieseko lehendabiziko finalaurrekorako sarrerak. Erkiaga eta Zabalarena Beaskoetxea eta Aldazabalena baino hautagaitza sendoagoa zen teorian, baina bikote urdinak 0-5eko markagailuagaz hasi zuen partidua. Izan ere, Bulletek zenbait akats egin zituen saioaren hastapenean, gorrixken jokaldi onekin batera urdinak mindu zituztenak. Hori bai, bost tanto horiek ez zuten argitu, inondik inora ere, partiduaren noranzkoa zein izango zen. Piloteoa hasi bezain pronto, Erkiaga jokatzen hasi zen, kantxa betetzeko saiakeran, erremateetan asko arriskatuz, eta jokatzen zuen jokaldi bakoitza tanto bihurtuz.
Seigarren kartoirako bikote gorriak berdinketa lortu zuen, eta, jokaldiz jokaldi, hamabostera ihes egin zuten. Urdinek, ostera, nahi eta ezin. Erkiagak bikain zukutu zuen bere errebotea; haietako pare bat barrutik barrura egin zuen, benetan gogoangarriak ikusleentzat. Beaskoetxeak, aldiz, nekez izan zuen paradarik jokoan sartzeko. Bigarren aldian, baina, dena aldatu zen. Urdinek Erkiaga saihestu zuten, eta Zabala errebotean gotortu. Ispasterkoak, horrenbestez, ez zuen aukera askorik izan jokoan parte hartzeko. Aldea zazpi tantokoa izatera ere heldu zen (4-11), baina gorriek, sikiera, hirugarren setera bizirik heltzeko merituak egin zituzten.
Orduan, Erkiagak arriskatzeari ekin zion, eta 6-12an polemika isiotu zen: aurreko epaileak hasieran gorriei egokitutako tantoa urdinei eman zien. Beaskoetxeak, Aldazabalek eta ikusleek ez zuten zehaztasunez ikusi, eta telebistako irudiek ere ez zuten inongo ñabardurarik eskaini. Dena dela, seta lehendik oso erabakita zegoen. Gorriek tanto gehiago ere egin zituzten, esaterako, Erkiagaren errebote boteretsu bat. Set hori 10-15 bukatu zen; azkena, berriz, 5-1. Azken txanpa horretan, urdinak nagusi izan ziren, baina Zabalak ere, bazter batean egon arren, lortu zuen errebesez tantoren bat edo beste egitea. Beaskoetxeak egindako horma bikoari, Erkiagak bikain erantzun zion, eta tanto bukatu; azken tantoa ere berak egin zuen, pilota errebotez txapa gainera eroanez.
Hurrengo finalerdikoan Olharan–Etcheto (A multzoko bigarrenak) eta Goikoetxea–Aimar Aldazabal (B multzoko lehenengoak) zein baino zein gehiago arituko dira, finalerako pasearen bila. Hurrengo astelehenean izango da [martxoaren 14an].