Vade Retro "arrakastatsu" baten ostean, aratusteak agurtu dituzte eskualdean
Datorren urtera begira lanean jarriko direla azaldu dute antolatzaileek; izan ere, 2023an zerbait berria eskaini gura dute.
Busturialdeko bizilagunek datorren urtera arte gorde dituzte mozorroak. Aratusteak luzatuta, bermeotarrek mozorrotzeko aukera izan zuten joan den zapatuan. Izan ere, Spookypheria Productions elkarteak antolatuta, Vade Retro jaialdia hartu zuen Bermeoko Kafe Antzokiak. Hala, orain dela bi urte hasitakoa mantendu dute aurten ere; hortaz, 50. hamarkadatik hasi eta 90. hamarkadara arteko musikagaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Jaialdian ohikoak diren Unholy Covers musika taldearen kontzertuagaz eman zioten hasiera gauari. Ondoren, DC Datak jarri zuen musika 06:00ak arte.
Pozik daude jaialdiak izan duen erantzunagaz, “arrakastatsua” izan dela nabarmenduta: “Nahiz eta murrizketarik ez egon, Kafe Antzokiko jabeekin batera erabaki genuen edukiera murriztea; eta jarritako edukiera bete egin zen”. “Pozik” daude gainera, bertaratutako gehienak mozorrotuta joan zirelako; “kontuan edukitzekoa da hiru aste arinago zabaldu genuela jaialdia egingo zela”.
Datorren urtera begira lanean jarriko direla azaldu dute antolatzaileek. Vade Retro formatuagaz jarraitzeko asmoa daukatela iragarri dute, ez dakite, baina, hamarkada guztiak mantendu edo zertxobait mugatuko dituzten. 2023ra begira, hala ere, zer edo zer berria eskaini gura dutela argi daukate.