Lea Ibarrak irabazi du emakumezkoen kluben arteko Euskal Herriko Txapelketa
Emakumezkoetan Lea Ibarrak eta Oñatik jokatu dute Euskal Herriko Txapelketaren finala; Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak 22 eta 6 irabazi diete Uxue Osesi eta Madalen Etxegarairi. Bestalde, Arrizabalagak eta Gamindek Leire Garairen eta Ane Mendibururen kontra jokatuko dute Emakumezkoen Eskuz Binakako txapelketaren finalerdia, domeka honetan.
Emakumezkoetan lehenengoz jokatu dute aurten kluben arteko Euskal Herriko Txapelketa, eta Lea Ibarra geratu da txapeldun. Hain zuzen, Lea Ibarrak eta Oñatik jokatu zuten finala zapatuan (martxoak 5), Zumarragan; Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak 22 eta 6 irabazi zieten Uxue Osesi eta Madalen Etxegarairi.
Markagailuak adierazten duen bezala, nahikoa erraz lortu zuten garaipena. “Hasieratik oso serio jokatu genuen, eta txapelketa osoan zehar moduan, gure indarragaz eta bizitasun horregaz, partidua menderatu genuen hasieratik amaierara arte”, azaldu du Arrizabalagak.
Txapelketaren balorazio “oso ona” egin du aurrelari gernikarrak: “Lehenengo aldia izan da Euskal Herriko txapelketa jokatzen genuena neskok, aurrerapauso polita da, eta egin beharrekoa. Horregatik, lehenengo final horretan txapela ateratzeagaz oso pozik gaude”. Txapelketa Zaramagako, Oñatiko, Bergarako eta Lea Ibarrako klubetako bikoteek jokatu dute. Lau horiek lehiatu zuten ligaxka, eta bertan lehenengo postuan amaituta sailkatu ziren finalera Arrizabalaga eta Gaminde: “Ligaxka nahikoa erraz atera genuen aurrera, eta finalean ere nahikoa ondo jokatu genuen. Aurten lehenengo aldia izanda, lau klub egon gara, baina espero dugu hemendik aurrera klub gehiagok izena ematea”.
Binakakoa. Bestalde, Arrizabalagak eta Gamindek Leire Garairen eta Ane Mendibururen kontra jokatuko dute EmakumezkoenEskuz Binakako txapelketaren finalerdia, domeka honetan (martxoak 13), Lezoko pilotalekuan.
Gernikarrak dio gogoz daudela: “Joko aldetik Nora eta ni oso ondo gabiltza, azkenaldian partidu oso onak egiten ari gara. Aurkariak gogorrak dira, baina uste dut gure lana ondo eginda, finalerdia aurrera atera genezakeela”.
Pilota mistoko bi finalaurrekoak jokatuko dituzte, 12:00etatik aurrera. Beste finalerdian Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Maddi Barrokal-Itsaso Erasun bikoteak lehiatuko dira finalerako txartela lortzeko.