Heldu da garaipena
Sei partidu jarraian galdu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak 62-79 irabazi dio Baxi Ferroli.
“Asko desiatutako garaipena”. Horrela deskribatu zuen Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak zapatukoa [martxoak 5]. Sei partidu jarraian galdu ostean, talde gernikarrak 62-79 irabazi zion Baxi Ferroli bere kantxan (23. jardunaldia). Garaipen erosoa eta landua izan zen.
Galiziarrak lehenengo zatian defentsa lanetan intentsitate gutxigaz aritu ziren, eta Lointek Gernikakoek ondo aprobetxatzen jakin zuten. Entrenatzaile gernikarrak esan bezala, oro har, partidu “serioa” egin zuten. “Aurreko emaitza txarren ondoren, taldeak lan egin du. Jokalari denen esfortzuagatik pozik nago. Partiduan ondo sartu gara, eta hasierako jaurtiketetan asko asmatzeak konfiantza eman digu hurrengo minutuetarako, eta era berean, espero dugu garaipen honek hurrengo partiduetarako konfiantza ematea”. Erritmoa mantendu zuten, batez ere, defentsan.
Lehenengo zatiagaz konparatuta, bigarren zatian erasoan intentsitatea apur bat jaitsi zuten, baina defentsa sendoari esker, errenta mantentzeko gai izan ziren.
Aste honetan ere beste bi. Aurreko astean legez, oraingo honetan ere ligako bi partidu jokatuko dituzte Lointek Gernika Bizkaiakoek, eta biak etxean.
Eguaztenean (martxoak 9) Teneriferen kontra jokatuko du Malosten, 20:00etatik aurrera. Zapatuan (martxoak 12), berriz, Duran Maquinaria Ensinoren kontra lehiatuko dute 24. jardunaldiari dagokion partidua, 18:30ean hasita.