Genero arrakalagaz amaitzeko eskatu dute emakume pentsiodunek
1.080 euroko gutxieneko pentsioa jasotzeko eskaria egin dute, hamalau ordainsaritan. Halaber, alarguntasun pentsioa kotizatzailearen ezkontideak kobratutakoaren %100arekin bat etortzea eskatu dute, adin mugarik barik. Pentsioetan genero arrakala ezabatzea ere beharrezkotzat ere jo dute.
Emakumeak soldatetan eta pentsioetan diskriminatzen dituen genero arrakalagaz amaitzeko eskatu dute Busturialdeko emakume pentsiodunek. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta ezkontidearen soldataren %100eko alarguntza pentsioa jasotzea aldarrikatu dute. “Bizkaiko emakume pentsiodunok ahotsa altxatu eta berriro diogu pentsioen sistema publikoaren aldeko gure apustua, pentsio publiko duinak, bidezkoak eta guztientzako nahikoak exijitzen ditugula”, adierazi dute gaur Gernika-Lumoko Foruen plazan egindako elkarretaratzean.
Izan ere, adineko emakume eta pentsiodunak oraindik ere “lan diskriminazioaren, prekarietatearen, zainketen feminizazioaren eta bizitza eusteko zereginen ondorioak” jasaten dituztela aitortu dute: “Milaka emakume pentsiodunek miseriazko pentsioekin zailtasun handiekin bizitzen jarraitzen dugu; pentsioek ez dute suspertzen gure erosteko ahalmena, eta ez dugu ikusten genero arrakalarekin amaitzeko neurririk”. Lan horiek ez direla aitortzen salatu dute.
Osasun zerbitzuen eta mendekotasuna artatzeko zerbitzuen murrrizketek emakume pentsiodunen “osasuna eta bizi baldintzak okertu” dituztela azaldu dute.
Eskaerak
Hori dela eta, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa jasotzeko eskaria egin dute, hamalau ordainsaritan. Halaber, alarguntasun pentsioa kotizatzailearen ezkontideak kobratutakoaren %100arekin bat etortzea eskatu dute, adin mugarik barik. Pentsioetan genero arrakala ezabatzea ere beharrezkotzat ere jo dute, eta familiak eta etxeak zaintzeko eta mantentzeko lanaren aitorpen sozial eta ekonomikoa aldarrikatu dute. “Emakumeek egindako eta ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida eskatzen dugu”, ozen esan dute. Osasun zerbitzuei erreparatuta, gainera, sistema publiko soziosanitaroa doakoa eta unibertsala eskatu dute.
“Eskubideetan eta pentsioetan benetako berdintasuna lortzen ez den bitartean, adineko emakumeek bizitzaren amaiera larri bizi beharko dute, bakardadean, pobrezian, abandonuan eta gizarte bazterkerian”, diote. Baina emakume pentsiodunen borroka aliantzak eraikitzeko gune bat dela ere adierazi dute, “sistema patriarkalaren aurkako borroka”.