Pablo Gonzalez askatzeko eskatu dute Nabarnizen
Nabarnizko Udalak kazetaria "berehala" askatzeko eskatu die Poloniako agintariei, kazetaritza ez dela delitua adierazita. Jon Iñarritu EH Bilduko Espainiako diputatuak Gonzalezek babestua izateko eskubidea duela adierazi du. Senideek ez dakite kazetaria zelan topako duten, eta hori da euren ardura handiena.
Pablo Gonzalez kazetaria askatzeko aldarriz eta elkartasun mezuz bete da gaur Nabarniz. Nabarnizko Udalaren deialdiagaz bat egin dute nabarniztarrek eta inguruetako herritarrek, eta Gonzalez aske uzteko eskatu diote Poloniari. Izan ere, Poloniako Rzesow hirian hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdian dago kazetari elantxobetarra, Espainiak Polonian duen kontsulatuak Gonzalo Boye haren abokatuari eguenean jakinarazi zionez. “Espioitza delitua” egotzi diote, Poloniako Kode Penalaren 130.1 artikuluan oinarrituta.
Udalak kazetaria “berehala” askatzeko eskatu die Poloniako agintariei, kazetaritza ez dela delitua adierazita: “Eta hori da Pablo egiten ibili dena bai Polonian, bai Ukranian: informatu”. Prentsa askatasuna estatu guztiek babestu beharko luketen eskubidea dela azpimarratu dute udal agintariek, kazetariek euren lana egiteko bermeak leku guztietan izan beharko lituzketela esanez. “Baina zenbait agintariri ezeroso suertatzen zaizkie kazetari independenteak, kanal eta ikuspuntu ofizialetatik kanpo lan egiten dutenak, eta horiek isiltzeko ahaleginak egiten dituzte”. Horren erakuslea dela Gonzalez eta bere familia “Espainiako inteligentzia zerbitzuen aldetik pairatzen ari diren jazarpena” diote, eta ozen salatu dute, “ez delako zilegia herritar errugabeak jarraitzea eta kontrolatzea”.
Urte batetik hamar urtera arteko espetxe zigorra izan dezake Gonzalezek. “Urte bat eta hamar bitartekoa izan daiteke zigorra, leporatzen diotenaren larritasunaren araberakoa. Espero dezagun urte bat bera ere ez leporatzea eta ahalik eta arinen aske geratzea, bera bere lana egiten zegoelako han”, adierazi du Oihana Goiriena Gonzalezen emazteak.
Atxilotu zutenetik, bakartuta eduki dute Gonzalez, haren abokatuak eta senideek sarritan salatu dutenez. Hasierako kolpea “gogorra” izan zen familiarentzat, baina egunetik egunera “gero eta urduriago” daudela dio Goirienak, ez dutelako albisterik jasotzen: “Hasieran, 48 orduz inkomunikatuta egotea normala zela esan ziguten, eta esperoan egon ginen. Baina hainbat egun igaro dira, eta urduri gaude. Deiaren zain gaude, hori noiz helduko zain; bai abokatuaren deia, bai kontsularena, bai Pablorena”. Izan ere, kazetariari buruz jaso duten azken albistea eguenekoa da, Espainiak Polonian duen kontsulak Gonzalez non zegoen eta bere karguak zeintzuk ziren esan zienekoa. “Hurrengo egunean beragaz berba egiten saiatuko zela esan zigun, baina ez dakigu ezer gehiago”, azaldu du.
Jon Iñarritu EH Bilduko Espainiako diputatuak kazetariaren askatasuna eskatzeaz gain, Gonzalezek babestua izateko eskubidea duela adierazi du: “Une honetan eskatzen duguna ez da bakarrik Pabloren askatasuna, baizik eta eskubidea izatea bere familiarekin eta abokatuarekin berba egiteko. Ez da normala Europar Batasuneko estatu batean halako egoera batean egotea. Teorian ez dago inkomunikatuta, baina praktikan bai“.
Orain arte ez duela defentsarako gaitasunik izan salatu du, “ez daukalako inolako babes judizialik“. Hori da, hain zuzen ere, Espainiako Kanpo Arazoetako ministerioari eskatu diotena. “Egin behar duena egitea da eskatzen duguna, Pablok bere familiarekin eta abokatuarekin berba egiteko eskubidea izan behar duelako. Ministroak esan zidan lehentasuna dela Pabloren babes kontsularra ahalik eta arinen ziurtatzea, baina aste bat igaro da eta babes legal hori ez da ailegatu. Horregatik prozesuak ahalik eta arinen martxan jartzea eskatzen dugu”. Abokatuak, bere aldetik, senide
ei esan zien kontsulari Gonzalez “berehala” ikusteko eskaera egin diola eta erantzunaren zain dagoela, “lehenengo hartu-eman hori kontsulatuak bideratu behar dutelako”.
Akusazioa “oso larria” dela dio, eta giza eskubideak ez errespetatzeagatik Polonia “hainbatetan zigortua” izan den herrialdea dela gogoratu du: “Ez dauka itxura onik. Egia da Polonian gertatu dela, eta ez dela han gertatzen den lehenengo kasua. Askoz gehiago egon dira, eta ez da kasualitatea berriro ere adierazpen askatasunaren eskubidea Poloniak murriztea. Gainera, Pablo Errusian jaio zen eta errusiarrekiko beldurra egon daitekeela agerian geratzen da”.
Ezjakintasuna, erabatekoa.
Gonzalezen atxiloketa “ez zutela inondik inora” espero adierazi du Goirienak. Hala ere, Polonian atxilotu aurretik, lehenago ere Ukrainan hiru orduz atxikituta izan zutela aitortu du: “Alde egiteko esan zioten, Errusiaren aldekoa dela esanez”. Hala ere, Gonzalezek bertan geratzeko erabakia hartu zuela kontatu du Goirienak, La Sextarekin kontratua sinatuta zuelako. “Beste bost egunez egon zen han, eta gero bertara etorri zen. Ahozko abisua besterik ez zen izan eman ziotena, ohartarazpen bat”. Gerora, Poloniara joan zen, eta astelehenean atxilotu zuten hiri horretan. Naiz, Publico eta La Sexta hedabideetan kolaboratzen du, eta Ukrainatik Poloniara ailegatutako migratzaileen berri ematera joan zen hara.
Kazetaria zelan topako duten ez dakite, eta hori da familiakoen ardura handiena: “Hainbat egun daramatzagu bere berririk eduki barik, eta ez dakigu zelan egongo den. Beragaz berba egitea eta zelan dagoen jakitea da garrantzitsuena”.
Nabarnizko Udalbatza osatzen duten zinegotzi guztiek euren babesa, elkartasuna eta laguntza eskaini diote Gonzalezi eta bere familiari: “Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik, eta Nabarnizko Udalak bere eskuetan dagoen guztia egingo duela zuek laguntzeko”. Goirienak azken astean jasotako babesa eskertu du, babesa “sekulakoa” izaten ari dela esanez.