Matxitxakoko batailako marinelak omendu dituzte
1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko uretan "herriagatik bizia eman" zuten itsas gudariak omendu dituzte Eusko Alkartasunakoek gaur. Ukrainan ere jarri dute begirada. Herrialdearen kontrako inbasioa salatu dute, baina armak Ukrainara bidaltzearen aurka agertu dira.
85 urte bete dira 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko uretan gertatu zen baitailatik. Galdames ontzia babestera Baionatik Bilbora zihoazen Bou Bizkaia, Bou Gipuzkoa eta Bou Nabarra ontziek Canarias gudaontziagaz topo egin zuten Matxitxakoko lurmuturrera ailegatzerakoan, eta horrek Bou Nabarra hondoratu zuen. Bertan zihoazen 52 gizonetatik 18 bakarrik atera ziren bizirik; beste itsasontziak Bilboko portuan sartu ziren, nahiz eta eurek ere erasoak jasan behar izan zituzten. “Itsas gudari horiek herriagatik bizia eman zutela” gogoratu dute gaur Matxitxakon, Eusko Alkartasunak deituta Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren ondoan egin duten ekitaldian. Ohitura den modura, itsasoan lore eskaintza egin ostea batu dira Basterretxearen eskulturaren ondoan.
Gaur, Matxitxakoko bataila horren parte izan ziren gudariak gogoratzeaz gain, guda hori bizi izan zuen Juan Azkarate bermeotarra omendu dute: “Bera da bataila horretatik geratzen den bakarra”.
Ukrainan ere jarri dute begirada. Herrialdearen kontrako inbasioa salatu dute, baina armak Ukrainara bidaltzearen aurka agertu dira Eusko Alkartasunakoak, bakea elkarrizketekin lortzen dela nabarmenduz. “Badakigu zaila dela, baina bi herrialdeen arteko bakea eta konfiantza lortu behar dira. Bakea ez da armen bitartez lortzen. Armak bidalita multinazionalen alde baino ez da egiten”, azaldu du Kontxi Gabantxok Eusko Alkartasunako kideak. Izan ere, nazioarteko potentzia handiek euren artean duten “lehia horretan Europa sartu gura” dutela uste du: “Potentzia mundialek euren artean duten norgehiagokan Europa sartuko dute, eta Europaren desegonkortzea ekarri dezake guzti honek”.
Ukrainako inbasioak 36ko gerran euskal herritarrek bizi zutena gogoratzen die, eta herritarak direla kaltetuenak ozen salatu dute: “Gerra batek herritar zibilei eragiten die, jendartea da gehien sufritzen duena. Asko Ukrainatik atera guran dabiltza, eta beste asko etxeen sotoetan, metroko tuneletan… babestuta. Herriko gazte guztiak, gainera, armak hartuta borrokara joan behar izan dira. Guzti honek gure gerran pasatu genuena gogoratzen digu”. Hori esan, eta elkarrizketara jo beharko litzatekeela adierazi dute.
Babes zibilekoen lana eskertu dute Eusko Alkartasunakoek gaurko ekitaldian. “Babes zibilekoak beti gure ondoan egon zarete eta gaur ere hor zaudete, gaurko egunez, guri laguntzen. Mila esker guztioei, bereziki asteon hil den Mikel Bilbaori. Baita Alberto Bilbaori ere, urtero gurekin hemen egoten zelako”, adierazi dute.