Aitor Etxebarriazarragak jantzi du txapela
Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten atzo Astran, eta bertsolariz, bertso ikaslez eta bertsozalez bete zen kulturarako fabrika soziala. Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi sailatu ziren buruz burukora, eta Etxebarriazarraga gailendu zen.
Bertso eskolak dira bertsolaritzaren harrobia, eta eskualdeko bertsolarien eskola da Lilibertso. Beste behin, bertsozaletasuna bizi-bizirik dagoela erakutsi dute oraingoan ere. Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten atzo Astran, eta bertsolariz, bertso ikaslez eta bertsozalez bete zen kulturarako fabrika soziala; baita giro paregabez ere. Lagunarteko txapelketa zela zioten Lilibertsokoek lehia hasi aurretik, eta arrazoia zuten. Bertsolarien arteko hartu-emana bikaina dela erakutsi zuten oholtza gainera igo ziren zortzi finalistek, eta euren arteko erlazio horrekin gozatu zuten bertaratu ziren zaleek.
Aitor Etxebarriazarragak jantzi zuen txapela, eta bertsoaren gauzarik onena lagunartea dela aitortu zuen: Onintza ta Anderreri zorra eskerrez joako. Ta entrenetan gabizen lagun taldeari bapo. Edozeri txalo jotzen ibiltzearren, eskerrik asko. Ibai hurrengo tragoak zeure kontu doaz, guapo. Txalo jotzen eitearren, danori eskerrik asko, bertsoaren kontu onena, lagunartea dalako. Eskualdeko txapelketaren bigarren finala zuen bertsolari gernikarrak, eta lehenengo buruz burukoa. Hain zuzen ere, Ibai Amillategi lagun minarekin lehiatu zuen azken txanpa, eta beragaz aritzea “bikaina” izan zela onartu du: “Txapela baino ilusio gehiagoz hartu dut Ibairekin buruz burukora ailegatu izana, txapelak ere ilusio handia egin didan arren”.
Berandu hasi ziren biak bertsotan, baina elkarregaz egin dute bidea, izan ere, batera entseatzen dute. “Bidea elkarregaz egin dugu. Bertsoa egun bateko kontua da, batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ez. Tokatu zaigu batak bestearekin sufritzea, baina gaur lana borobildu dugu”, adierazi du irabazleak.
Zalantzekin hasi zuen saioa Etxebarriazarragak. Hala ere, apurka-apurka hobetuz joan zen. “Ez dut jakin irabaziko nuen ala ez. Ez dut Ibairen kartzelakoa entzun eta ez dut erreferentziarik izan buruz burukoan. Azken txanpara ailegatu aurretik ere, ez dut nire burua finalista modura ikusi. Bai Onintza, bai Mikelo oso ondo aritu dira, eta azken horri buruz burukora joango zela ere esan diot. Behin buruz burukoan, Ibai baino apurbat aurrerago egon nintekeela pentsatu dut, eta saiatu naiz bakarkakoa ondo egiten”, onartu du Etxebarriazarragak.
Etxebarriazarraga eta Amillategigaz batera, Onintza Enbeita, Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao eta Asier Galarza igo ziren oholtza gainera. Gaurkotasunezko gaiak seriotasunez zein umorez landu zituzten; besteak beste, gerra kazetarien lana izan zuten hizpide, baita lehen arretaren errealitatea ere.
Zortziko txikian, ohi legez, umorea nagusitu zen. Bulego bereko langileen jardunean murgildu ziren Galarza eta Gezuraga, eta txalo zaparrada eragin zuten kulturarako fabrika sozialean. Crossfit-ean apuntatu ziren Retolaza eta Bilbao, eta reality baten parte izan ziren Enbeita eta Ondaro. Amillategi eta Etxebarrizarraga ere oso ondo aritu ziren, koadrillakoen rolean sartuta. Momentu bikainak eskaini zituzten bertsolariek eta ikus-entzuleek asko gozatu zuten.
Lehen zatiko bertsoaldian, Enbeitak, Amillategik, Etxebarriazarragak eta Retolazak lortu zituzten puntu gehien, eta laurak sailkatu ziren bigarren fasera. Gero, Etxebarriazarraga eta Amillategi pasatu ziren buruz burukora. Retolaza sailkatu zen hirugarren eta Enbeita laugarren. Etxebarriazarragari Jose Luis Bardonek ipini zion txapela bertsozale guztien omenez. Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan bera izan zen bertsoa irakasten hasi zen lehenengo horietakoa, eta handik kanpora ere eman dio bultzada bertsolaritzari. “Gure saioetako ohiko ordezkaezin bat”, adierazi dute Lilibertsokoek.
Ikus-entzuleekiko gertutasuna ere nabaria izan zen saioan. Retolazak, esaterako, publikoan zegoen Iker Amorrorturi eskaini zion azken agurra: Oraintsu pasa dabezelako, momentu gatz eta beltzak. Laster osatu, ta seguru nago, zoratuko deuz defentsak. Lehenengo gola Lilibertsori, dedikau eiozu behintzat.
Enbeitak, berriz, Lilibertsoko kideei eskaini zien agurra, eta taldekideak hazten ikustea “plazerra” zela adierazi zuen: Asko izan zan guretzat, Lilibertsoren eztanda. Ze eder gaur Aitor eta Ibai dinbi eta danba. Zuekaz bai egin leike, penak kantau zein parranda. Ni pozik eukitten nabe, danari baietz esanda. Berrogeita bi urtegaz, asko rozetan dot langa, noiz arte eingo dot nire, beste zazpi honen txanda. Zuek hazten ikustea, plazer handi bat izan da.
Astra beteta ikustea ere ederra izan zen. “Uste dut saioz saio entzuleen kopurua handiagoa izan dela. Nabaritzen da jendeak bertsoez gozatzeko gogoa zuela, eta guri ilusio handia egiten digu babes hori sentitzeak. Zapatu arratsalde batean hiru orduko saioaz gozatzeko horrenbeste jende bertaratzea sekulakoa izan da, gauzak ondo egiten ari garen seinale”, adierazi du. Gero eta bertsozale gehiago daudela ere badio.
Lilibertsok ere txapelketaren balorazio ona egin du: “Zeinen ederra atzoko eguna. Astran ospatu zen hainbeste astetan gure sareak bete dabezan bertso jaia: Eskualdeko finala”. Hain zuzen ere, uste dute emaitza “ezinhobeak” eman diotuela asteotako beharrak. “Ia 200 pertsona bertaratu ziren finalaz gozatzera, giro paregabea egon zen, bertso ederrak eta txapeldun berri bat“, ondorioztatu dute.