Urrezko aroaren kartelak
Jose Mari Urrutia puntista ohiak zestagaz lotutako milaka eduki ditu gordeta. Besteren artean, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian zestaren urrezko aroan jokatutako partiduen kartelak dauzka.
Zestaren balioa, garapena eta hitz bakarrean historia erakusten duten elementuetako bat dira partiduen kartelak edota programazioak.
Jose Mari Urrutia Etxaburu pilotari ohi ondarrutarrak (Mexiko Hiria, Mexiko, 1953) hamarkadaz hamarkada pilatutako ondare aberatsaren parte dira hamaika partiduren kartelak. Artxibo emankorra dauka, ondo gordeta, eta materialaren parte dira, esate baterako, Gernika-Lumoko frontoian zestaren urrezko aroan jokatutako partidu batzuetako kartelak.
Ospe handiko Totolo puntista ezagunaren semea da, eta aitak gordetako altxorrak ere berak dauzka. Besteren artean, aita Gernika-Lumoko frontoiko intendentea ere izan zen, eta bertoko frontoia estreinatu zeneko hainbat programa original ere gorde zituen. “Ni zesta utzi ostean hasi nintzen pilotari lotutako gauzak gordetzen, eta aitak biltzen zituen gauza guztiak ere baditut”, azaldu du.
Azken orduko aldaketa
Barinagako Valentin Kareaga omentzeko Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian jokatutako partidua “itzela” izan zela gogoratzen du: “Bere garaian, Kareaga onenetan onena zen, urte askotan, gainera”. 1967ko azaroaren 15ean omendu zuten. Hiru partidu jokatu zituzten, hirurak 30 tantora. Partidu estelarrean, Patxi Txurruka mutrikuarrak ezin izan zuen jokatu eta, beraz, moldatu egin behar izan zutela kontatu du Urrutiak. Alex-Larrañaga (Chucho) bikoteak gorriz jokatu zuen, Egurbide-Gorroño bikotearen kontra.
Berez, kartel originalean, Egurbide-Larrañaga eta Alex-Txurruka bikoteak ageri dira.
Lehenengo partidua Lasa-Gisasola eta Arrasate-Bazkardo bikoteen artekoa izan zen, eta hirugarrenean, berriz, Bengoa eta Goiogana markina-xemeindarrek Frias kubatarraren eta Ondarres ondarrutarraren kontra jokatu zuten.
“Chucho Etxebarrikoa zen, Alex ermuarra, Egurbide mutrikuarra, Arrasate ondarrutarra, Gisasola Larrabetzun jaio zen, baina, gero, Markinan hazi zen eta Bazkardo andoaindarra da; gaur egun Egiguren da Jai Aliveren arduraduna, eta haren ama eta Bazkardo anai-arrebak dira. Lasa nafarra zen, intendentea izan zen pilotarien artean izen onena eduki zuen intendenteetako bat da. Ausarta zen, ez zeukan bildurrik”.
Azkenaldian Zesta-Puntaren Katedrala betetzen ari dela-eta pozik dago Gernika-Lumon bizi den ondarrutarra: “Frontoia betetzen ari da, eta zurrunbiloa aprobetxatu behar da”.
Garai oparoa
Garai haiek nostalgiaz gogoratzen ditu Urrutiak, eta frontoian jende asko batzen zela azpimarratu du: “800-1.000 pertsona batzen ziren ia beti. Gernikan pilotaren urrezko aroa izan zen; garairik onena Gernikan”.
Dioenez, bertako partiduak ikustera etortzeko kanpotik ere eskatzen zituzten sarrerak: “Medikuak, abokatuak… Bilbotik asko eta asko etortzen ziren. Frontoiak Gernikako herriari ere dirua eman zion: taxiak, jatetxeak jendez gainezka…”.