M8, aldarrikapen zein ospakizun
Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekintzak asteburuan hasiko dira bertoko herrietan, eta datorren asteburura arte hamaika jarduera egongo dira aukeran.
Ateak joka dago Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Aldarrikapen zein ospakizunetarako eguna izaten da, eta aurten martitzenez badator ere, asteburuan hasita, emakumeak oinarri dituzten hainbat ekintza egingo dituzte eskualdeotan, eta datorren asteburura arte luzatuko dira. Ume zein nagusientzako hamaika ekintza egongo dira aukeran.
Euskal Herriko Bilgune Feministaren leloagaz bat egin dute bertoko mugimendu feministek ere, eta zaintza jarriko dute erdigunean berriro: Zaintzen paradisu artifizialak erretzen… Zaintza sistema publiko eta komunitarioa orain!
«Sortzen den enplegu pribatua erabat prekarioa da, lan-baldintza zalantzagarriak eta ziurtasunik eza. Lan honen gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuek egiten dute. Zaintza sistema publikoan ere, lan feminizatua da zaintzena, garbiketarena, artatzearena. Sistema publikoa desmantelatzen ari dira, eta pribatizaziorako bidea irekitzen, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatuz. Horrek langile publikoen egoera kaskartzeaz gain, indibidualismorako joera, klase arrakala eta komunitatearen galera sortzen du», azaldu dute Bilgune Feministako kideek. Arazoa «sistemikoa» dela diote eta, beraz, zaintzen ulerkera eta eredua aldatzeak «egungo antolaketa soziala transformatzea» dakarrela uste dute: «Zaintzak ezinbestekoak dira gure gorputzak eta komunitateak burujabeak izan daitezen. Hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna mantendu eta kudeatu ahal izateko». Horregatik, zaintzaren ardura «kolektiboa» izan behar duela deritzote: «Bakarrik ondo jositako sare batek eutsi ahal die kapitalismoaren oldarraldiei».
Zaintzagaz lotuta, Bermeoko Udalak hitzaldi bat antolatu du martxoaren 17rako, Arrantzaleen Museoan: Bizitza duinak erdigunean: zaintza lanak agiritan. Aurretik, martxoaren 8rako bi deialdi eginda daude Bermeon eta Gernika-Lumon. Batetik, Busturialdeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak bi herrietan egingo ditu mobilizazioak; 18:00etan Bermeon eta 19:00etan Gernikan. Bestetik, bi herrietako mugimendu feministek ere hitzorduak jarri dituzte. 18:30ean, jarri dute hitzordua Bermeon eta 19:00etarako Gernikako Mugimendu Feministak, berriz, 19:00etarako jarri du hitzordua eta Zaintzak erdigunera lelopean mobilizatuko dira.
Edertasun kanonak. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo kanpainak, berriz, emakumeen edertasun kanon «zorrotzaren eta hipersexualizazioan» jarri du arreta. Neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioan eragin gura dute. Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta, Berdintasunerako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, helburua da gizarteari erakustea «garaiz gaudela» emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, «euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe bizi daitezen, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza».
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu du emakumeen «kosifikazioak eta sexualizazioak» berdintasun eza eragiten dutela. Gaineratu du, saihestu egin behar dela emakume eta neskatoak gorputz hutsetara murriztea, «ondorio kaltegarriak dituelako».
Emakume kirolariei protagonismoa eman asmoz, Muxikan eta Foruan jarduera desberdinak antolatu dituzte. Foruan, esaterako, gaur bertan, Haitz Biribilek antolatuta, emakume kirolariekin berbaldia egongo da. Muxikan, berriz, emakume pilotarien pilota eta pala partiduak antolatu dituzte martxoaren 13rako (domeka). Martxoaren 11n (barikua), gainera, ez da faltako ohikoa bihurtu den Muxikako emakumeen ikuskizuna: Besarkadak.