Iparralden azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde
Euskal Herriko Ikastolen elkarteak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolan eta Bermeoko Eleizalde Ikastolan.
Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde egin dute Seber Altube Ikastolako ikasle eta irakasleek eta Eleizalde Ikastolako irakasleek.
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Seaskako ordezkariekin batera deitutako deiagaz bat egin dute, alegia. Izan ere, Iparraldeko Batxilergoko ikasleek “oraindik” azterketak zein hizkuntzatan egingo dituzten ez jakitea salatu gura zuten, eta elkarretaratzeak deitu dituzte horretarako. Frantziako instituzioen jarreragaz “haserre” agertu dira Ikastolen Elkarteko ordezkariak: “Kezkatuta gaude, ezin dugu 30 urte atzera egin”.
2019an gobernuko hezkuntza agintariekin sinatutako akordioa urratzen ari direla azaldu dute. “Hitzarmena berrinterpretatu nahi dute, eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu. Azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea errespetatua izan arte borrokatzeko prest gaude». Era berean, jakinarazi dute ez dutela “arazo teknikoen aitzakiarik” onartuko; “bost hilabete barru izango dira probak, eta denbora nahikoa badago horien zuzenketa antolatzeko”.
Antolatzaileen ustez, ez daude Seaskaren aurka bakarrik, “Euskal Herriko ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik”. Horrez gain, adierazi dute “euskarari, euskal kulturari eta euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa” dela.
2021eko ekainean, hainbat irakaslek aldarrikapen horregaz bat egin zuten, eta frantsesezko azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Frantziako hezkuntza saila “zigor ekonomikoen” bidez erantzuten ari dela salatu dute. Agintariek zuzenketara ez aurkeztea justifikatu gabeko huts egite bat dela erantzun dute. Ikastolen Elkartetik, Seaskatik eta Azterketak Euskaraz! Kolektiboaren aldetik haien elkartasun osoa adierazi nahi izan diete irakasleei.