"Estropadak eta pilota partiduak ez ditut gaztelaniaz imajinatzen"
Kirol kazetaria da Ramon Basaldua bermeotarra, hala ere, itsasoko gaiak ere lantzen ditu. Bizkaia Irratiako esataria da gaur egun, baina beste hainbat komunikabidetan ere egondakoa da.
Zergatik erabaki zenuen kazetaritza ikastea?
Bihotz-murmuriogaz jaio nintzen, eta amak txikitatik esan dit ezin nuela itsasora joan, baina itsasoa beti gustatu zait. 13 urtegaz joan nintzen lehenengoz itsasora, eta, gero, aukera nuen bakoitzean. Baina ideia hori albo batera utzi behar nuen. Osaba Josebak esan zidan kirol kazetari modura ikusten ninduela, eta hala hasi nintzen. Uste dut kazetaritza euskaraz egiten lehenak izan ginela.
Kazetari ibilbidea non hasi zenuen?
Herri Irratirako egin nituen lehenengo grabaketa batzuk, euskaraz. 1985eko azaroan idatzi nuen prentsa idatzirako lehenengo artikulua, Eniepsari buruz –Bermeoko Gaviotako lehenengo enpresa–. Bermeon zabaldu zuten bulego bat, Deia-rako idatzi nuen, gaztelaniaz. Herriko gauzak idazten nituen Deia-n. 1990ean, Egunkaria sortu zenean, Imanol Muruak deitu zidan, nigaz ikasi zuen unibertsitatean. Hala, Bilbon, kirolak idazten hasi nintzen, oso pozik. Oso sasoi polita izan zen, era berean, gogorra, lan asko egiten genuen. Bidea zabaldu zidan, nahiz eta sasoi hartan euskaraz lan egiteagatik arraro begiratzen ziguten. Liskar ugari izan ditut. Gaur egun beti galdetzen dugu euskaraz lehenengo, baina asko borrokatu dut nik horretarako. 32 urte daramatzat Athletici jarraitzen. Arrauna eta bestelakoak ere lantzen ditut. Euskadi Irratian ere egon naiz, eta, orain, 21. urtera noa Bizkaia Irratian. Deia-n ere noizbehinka idazten dut, orain beti euskaraz. Arrantza gaiak lantzen ditut, eta martitzenetan zutabe bat ere badaukat Athletici buruzkoa, bizkaieraz.
Mikrofonoa ala teklatua?
Nire izaeragatik, agian, irratian gusturago aurkitzen naiz. Bat-batekotasunak gauza ederrak eskaintzen ditu, baita ere entzuleekiko harreman zuzena.
Euskaraz lan egiteko aukera eduki duzu beti?
Deia-n gaztelaniaz hasi nintzen. Egunkaria-n gero, aukera izan nuen euskaraz lanean hasteko. Nire ibilbidearen %80 euskaraz izan da, eta gustura. Poztekoa da aukera hori edukitzea, ez delako erraza. Euskarazko hedabideak ez dira errentagarriak, baina, orain, gaztelaniazkoak ere ez. Gurea zailagoa da, baina gurea da. Beti esaten dut: zergatik ezin dugu Athletici buruz euskaraz berba egin? Berdin-berdin egin daiteke. Estropadak eta pilota partiduak ez ditut gaztelaniaz imajinatu ere egiten.
Hainbeste urtean, harreman ugari egin dituzu, ezta?
Hala da, bai. Itsasoa eta arrantza, gainera, odolean daramatzat. Asko gustatzen zait itsasoko jendeagaz berba egitea eta euren esperientziak jasotzea. Datuak bakarrik ez, eurekin egotea gustatzen zait eta eurekin itsasora joatea, hango zailtasunak lehen eskura ere ezagutzeko.
Zein izan da gusturago eman duzun albistea?
Alakrana askatu zutenekoa. Egun gogorrak izan ziren, gauza txar asko entzuten ziren. Kirolak ematen nengoen, 14:20 inguru ziren. Dena utzi nuen askapenaren berri emateko.
Kresala saioa ere badaukazu Bizkaia Irratian.
Gai desberdinak jorratzen ditut; informazio freskoa ematea gustatzen zait. Arraina usteltzen den moduan, itsasoko informazioa ere usteldu egiten da. Zoritxarrez egunero ez da informaziorik egoten; astean hiruzpalautan egoten da, eta bestela, albistegietan sartzen naiz.
Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?
Athleticek Kopako finala irabaztea [herenegungo partidua baino lehen egindako elkarrizketa]. Hala eta guztiz ere, partiduak ez dira niretzat hil ala bizikoak. Esaten den moduan, futbola da gauzarik garrantzitsuena garrantzitsuak ez diren gauzen artean. Egia da poza hartuko nukeela Athleticek Kopa irabaziko balu, baina, batez ere, zaleengatik. Ikaragarria da Athleticek jendearengan daukan eragina. Itsasoari dagokionez, gustatuko litzaidake arrantzak etorkizuna edukitzea, alde guztietatik. Esaten dute itsasoa hutsik dagoela, eta ez da egia; beti gaude beste batzuen menpe. Nik barruan sartuta daukat itsasoa. Garai batean Bermeon ez zegoen lekurik itsasontzientzat, Bilbora joan behar ziren. Itsasora joan naizenetan, unibertsitatean baino gehiago ikasi dut. Sektore ekonomiko modura, zein kultura modura…pena da galtzea.
Itsasoko etorkizuna zelan ikusten duzu?
Gazteek ez dute itsasora joan gura, eta ulertzekoa da, itsasoa gogorra delako. Baldintzak, gaur egun, baina, ez dira lehengoak bezalakoak. Itsasoan badago etorkizuna, eta gutxi badira ere, badaude gazte batzuk horretan jarraitzeko gogoagaz. Arrantzak badauka etorkizuna, arrain freskoa jan egiten da, ondo baloratuta dago eta baloratuko da. Itsasoan dagoen gauzarik gogorrena arrainik ez harrapatzea da. Ezagutu ditut itsasoan zoriontsuak izan diren pertsonak.
Eta, euskarazko kazetaritzarena?
Pentsatu gura dut euskarazko kazetaritzaren etorkizuna etorkizuna bera dela, eta horretara jo behar dugu, geure hizkuntza delako. Baina errealitateak esaten dit duela 20 urte egon ginen modura gaudela. Umeak euskaraz alfabetatuta daude, baina gero ez dute kalean euskaraz egiten. Orduan, etorkizuna bada, baina ematen al diogu garrantzia? Gero, denak gara abertzaleak! Euskara ez da bakarrik izan behar kulturaz, bertsolaritzaz… berba egiteko. Edozertaz berba egin daiteke euskaraz. Kazetaritzaren etorkizuna, orokorrean, hala ere, latz ikusten dut. Gaur egun, edozeinek idazten du, edozeinek aurkezten du telebistako programa bat… Egia da gero eta informazio gehiago daukagula, baina informazio hori nork ematen du? Jendeari ardura dio nork ematen dion informazioa? Bestalde, gaur egun, dena da Internet. Egunkariak gero eta gutxiago erosten dira, nire semeek ez dakite zer den egunkari bat erostea. Sasoi polita da, telefono mugikor bategaz dena egin daitekeelako, baina…
Txio batean aipatu duzu orain dela gutxi, bapezna berba erabili eta barregura sortu zenuela. Askotan gertatu al zaizu?
Hurbileko hizkera erabiltzea gustatzen zait, jendeak bapezna esaten baldin badu, nik ere hori erabiltzen dut. Inoiz ez dut konplexurik eduki. Inoiz ez dut pentsatu inor baino hobea naizenik, baina txarragoa ere ez. Egia da, batzuetan ematen duela euskara bakarra dagoela, eta ez dago euskara bakarra. Bermeon, esaterako, gure euskararenganako konplexua dago; askok uste dute gure euskara ez dela ona, eta hori gezurra da.
Itsuki Irratiak orain dela gutxi eten zuen emisioa behin betiko. Zelan hartu zenuen albistea?
Ez da albiste ona. Pena handia da, hurbileko gauza bat delako. Uste dut, moduren batera berreskuratu beharko litzatekeela, agian, beste modelo bategaz.
Zein da gaur egungo Bizkaia Irratiaren egoera?
Bizirik irauteko borrokan eta digitalizazio prozesuan atzean ez geratzeko saiakeretan gabiltza.