Berdintasun Lege berria onartu du Legebiltzarrak
Adostasun zabalagaz onartu dute: EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk legearen alde bozkatu dute; EH Bilduk eta PP+C’s-k abstentzio eman dute eta Voxek aurka bozkatu du.
Martxoaren 8aren atarian, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Berdintasun Lege berria onartu du Eusko Legebiltzarrak. Adostasun zabalagaz onartu dute: EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk legearen alde bozkatu dute; EH Bilduk eta PP+C’s-k abstentzio eman dute eta Voxek aurka bozkatu du.
Nazioarteko hitzarmenetara egokitzeko asmoz abiatu zuen Emakundek 2005eko legea berritzeko prozesua, eta indarkeria matxistaren alorrean egin ditu aldaketarik esanguratsuenak: bortizkeriaren definizioa eta eremua zabaldu, arreta integrala bermatu, hildako andreen seme-alabei laguntza ekonomikoak eman, erakundeen arteko koordinazioa hobetu eta erreparaziorako eskubidea aitortu.
Indarkeria digitala, instituzionala eta obstetrikoa ere jaso dute lege berrian, eta biktimen babes neurriak martxan jartzea arriskua antzematen den egoera guztietan, baita andreek salaketa ez jartzea erabakitzen dutenean edo auzitegiek kasua artxibatzen dutenean ere.
Soldatak parekatzeko neurri batzuk ere jaso dituzte; batetik, erakunde publikoek «gardentasuna» bermatu beharko dute lan sarien alorrean, eta ikuskatzeak egin; bestetik, eremu pribatuan, administrazio publikoek kontratatutako edo diruz lagundutako enpresek eta erakundeek ere soldata berdintasuneko irizpideak bete beharko dituzte, besteak beste.
Lege «ez nahikoa». 2020an aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak proiektua, hortaz, gobernua sostengatzen duten bi taldeen babesagaz nahikoa zuen aurrera egiteko. Legeak, baina, Elkarrekin Podemos-IUren babesa ere ere izan zuen atzo. Horien ustez, Istanbulgo hitzarmena betetzen du, mugimendu feministaren aldarrikapen asko jasotzen ditu eta askotariko indarkeria matxistak borrokatzeko tresnak eskura jartzen ditu.
EH Bilduk aurrerapausotzat jo du legea, baina uste du ez dela nahikoa, hainbat hutsune daudelako, besteak beste, aurrekontuagaz eta zaintzagaz lotuta.
PPk «beharrezkoa» ikusten du legea, baina uste du zenbait alorretan «adierazpen hutsetan» geratzen dela, «zehaztasun