"Gehien erakartzen nauena eguneroko lan gogorra da"
Bi garaipenekin abiatu du duatloi denboraldia Joanes Goitisolo gernikarrak: Erandion eta Sopelan. Gainera, laugarren sailkatu da asteburuan Sorian lehiatutako Espainiako txapelketarako sailkapen lasterketan. Denboraldi osoan hasierako mailari eustea, eta urte amaieran ProTour lasterketa lehiatzea ditu helburu.
Maila oso handian hasi du Joanes Goitisolok aurtengo duatloi eta triatloi denboraldia. Euskal Herrian, Erandioko eta Sopelako duatloiak lehiatu ditu, eta bietan garaipen oso sendoak erdietsi ditu atleta gernikarrak.
Etxetik hurre proba bi lehiatu, eta biak irabazi dituzu. Denboraldi hasieraren balantzeak ona behar du izan, ezta?
Emaitzak, orain arte, oso positiboak dira. Aitortu behar dut urteko lehendabiziko lasterketak beti zalantzaz hartzen ditudala, entrenamendu saioetan ondo igarri arren; entrenamendutik konpetiziora aldea dago, eta hasieran ez da jakiten gorputzak zelan erantzungo duen.
Zelan planteatu zenuen konpetiziora itzulera hori?
Bai Erandion, bai Sopelan estrategia berbera jarraitu nuen: lehenengo korrikaldia aurreko taldean hasi nuen, txirrindularitzako trantsizioan aurrea hartu nien aurkariei, eta azken sektorera bakarrik iritsi nintzen.
Berlanga de Dueron [Soria] ere ibili zara, Espainiako txapelketarako sailkatzeko lehian.
Bai. Lasterketa horretako lehen 30 sailkatuek Avilesen [Asturias] egingo den Espainiako txapelketarako txartela eskuratzea jokoan zuten, eta, horrenbestez, proba garrantzitsua zen. Han ere, beste lasterketetako planteamenduari eutsi nion, eta laugarren sailkatzea lortu nuen. Emaitzagaz, hortaz, aseta nago.
Orain arteko emaitzak aurredenboraldian eginiko lan gogorraren fruitua direla esango zenuke?
Entrenamenduei dagokienez, negu ona izan da niretzat: ez dut lesiorik izan, eta prestaketa eten barik egin ahal izan dut. Ildo horretan, nire inguruko txirrindulari taldea eta Roberto Flores eskertu gura nituzke. Lehenengoek errepideko saioak asko erraztu dizkidate, eta bigarrenak, ostera, igerilekuan laguntza handia eman dit.
Hirugarren urtez Alusigma taldean zabiltza, ondo moldatzen al zara etxe horretan?
Pozik nago Alusigmaren koloreak defendatuz; Euskal Herrian nahiz Espainian lehiatzeko aukera ematen digute, eta materialagaz ere laguntzen gaituzte; azken horrek esangura handia du, arlo ekonomikotik begiratuta. Espainia osoko atletekin osatutako taldea izan arren, giro hurbila dago taldean, eta eroso sentiarazten nau lantalde guztiak.
Parte hartzen dudan proba guztietan nire maila lehiakorrena eman gura dut
Zeintzuk dira aurtengo denboraldirako dituzun helburuak?
Espainiako txapelketak: taldekakoa eta bakarkakoa, duatloian eta triatloian. Oro har, lesio, gaixotasun edo istripurik ez izatea nahiko nuke; parte hartzen dudan proba guztietan nire mailarik lehiakorrena eman gura dut. Kirola nire zutabea bihurtu da, umorea ere aldatzen dit.
Ba al dago bereziki begien artean duzun lasterketatik?
Denboraldi osoa maila onean egiteaz gain, urte amaierako ProTour proba buruan dut. Show antzeko bat da: sprint eta olinpiko mailako Espainiako 40 triatleta onenek parte hartzen dute. Bai lehiakideentzat, bai ikusleentzat, formatu oso erakargarria duen lasterketa da, eta bertan egotea gustatuko litzaidake.
Triatloia barnebiltzen duten hiru diziplinetan atleta orekatua zarela esango zenuke?
Atleta orekatu samarra naiz; hori bai, zerbaitetan hobetzen jarraitu behar badut, igeriketa saioetan da. Triatloietan igeriketa da lasterketa gehien sakabanatzen duen saila. Beraz, sektore horretan ahalik eta gutxien galtzen saiatzea dut jomuga.
Busturialdean Urdaitri-Motrivation eta Lea-Artibain Garraitz nahiz Amandarri dira erreferentziazko puntuak. Esango al zenuke eskualdeko duatloia eta triatloia osasuntsu daudela, egun?
Lizentzia kopuruak gora egitea kirol osasun horren erakuslea da. Bai Amandarrik, bai Garraitzek, adibidez, triatloi eskolak dituzte, eta oinarri lan handia egiten dute. Dena dela, kirol horrekiko errespetu falta ere sumatzen dut: jendeak luzera handiko probetara ematen du jauzia, Half Ironman edo Ironman mailara, tarteko kategoriak ezagutu barik. Hori dela eta, sarri zoritxarreko albisteak irakurtzen ditugu, jendearen ezjakintasuna eta arduragabekeria tarteko.
Zure inguruko zein atleta nabarmenduko zenuke bereziki?
Asko aipatuko nituzke, eta haietako batzuk lagunak ditut. Zentzu horretan, zorteduna naiz. Busturialdekoei eta Lea-Artibaikoei helduta, esaterako, Ander Okamika eta Roberto Flores erreferentzia ditut, triatloietan; Pello Bilbao, errepideko txirrindularitzan; Imanol Goñi, atletismoan eta korrika lasterketetan.
Etorkizunera begira, entrenatzaile edo talde bateko partaide izan nahiko nuke
Azken urteotan ikusi da duatloi eta triatloietako kirolari asko modalitate batean trebatu direla, eta esparru horretako goi-mailara jauzia egin dutela. Zuk baloratu al duzu kirol bakarrean zentratzea?
Sarritan pentsatu dudan kontua da, baina, sakonago hausnartzen jarrita, konturatzen naiz niri kirol ezberdinak tartekatzea gustatzen zaidala. Logikoki, baldintza hori duatloiak eta triatloiak betetzen dute hoberen, eta, hortaz, gustura nagoen artean, esparru horietan zentratuta jarraituko dudala uste dut.
Urte amaieran zuri buruzko zein titular irakurtzea gustatuko litzaizuke?
Hedabideetan nire izena irakurtzea polita den arren, ez naiz horren pentsuan egoten. Gehien erakartzen nauena eguneroko lan gogorra da: entrenatzea, atseden hartzea, motibazioari eustea, xehetasun oro ahalik eta hoberen zaintzea. Horrek asebetetzen nau gehien, hain zuzen ere, kirolaren zatirik gogorrena horixe delako.
Zure atleta etapa bukatzean, kirolagaz lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Baietz esango nuke. Kirolak hainbeste eman didanez, nire bizitzaren epizentroetako bat da, egun. Etorkizunera begira, entrenatzaile edo talderen bateko partaide modura lan egitea gustatuko litzaidake.