Ukrainara bidaltzeko produktuak batzen hasi dira Gernika-Lumon
Ucrania-Euskadi Elkartea hainbat hiriburutan eta udalerritan egiten ari da bilketa solidarioa, eta Gernika-Lumon ere hasi dira batzen. Zuazua bakailao dendan askotariko materialak, arropak eta elikagaiak utzi ditzakete herritarrek.
Ukrania-Euskadi garapenerako laguntza eta eragile soziokulturalak Ukraniara bidaltzeko bilketa solidarioa martxan ipini du, eta Gernika-Lumon bilketa leku bat zehaztu dute. Gaurtik (martxoak 2) Zuazua bakailao dendan (Don Tello Kalea, 1,) askotariko materialak, arropak eta elikagaiak batzen ari dira. Premiazko beharrak asetzeko produktuak dira batzuk
Besteak beste, higiene-produktuak, pixoihalak, xaboia, konpresak, esne-hautsak, janari-latak, barrita-energetikoak, kafea, tea, gailetak, fruitu lehorrak, iraungitzen ez den beste edozein elikagai ere batu gura dituzte Ukrainara bidaltzeko, eta halaber, hotzari aurre egiteko barruko arropa termikoa, neguko jantziak, eskularruak eta galtzerdi termikoak, lo-zakuak, gorputz-berogailuak, botila termikoak, labetxoak, mota guztietako elektrizitate-sorgailuak, kandelak, linternak eta pilak ere behar dituzte.
Bendak, mantal kirurgikoak, musukoak, kartoixko kaxak, artaziak eta paketeak egiteko materiala ere jasoko dute.
Diru-bilketa. Bestalde, aipatutako elkarteak kontu korronte zenbaki bat zehaztu du dohaintzak jasotzeko: 2095 5001 00 9114437029.
Informazio jaso gura dutenentzat, telefono zenbakiak (642 77 27 60/636 07 96 90) eta posta elektronikoa bat (ucraniaeuskadi@gmail.com) eman dituzte.
Bestalde, Eroskik premiazko kanpaina abiatu du gaur bere saltoki guztietan, gerragatik kaltetutako ukrainar guztiei laguntza emateko helburuagaz. Bezeroek borondatezko diru-laguntza eman ahal dute erosketak ordaintzeko orduan. Jakinarazi dutenez, Eroskik bildutako dirua Unicefek jasoko du Ukrainako haurrei eta haien sendiei laguntzeko.