Udal langileen egonkortzea eskatzeko greba deitu dute ELA eta LAB sindikatuek
Negoziazio mahaiak deitu behar dituztela azaldu dute ELA eta LAB sindikatuek, eta udal gobernuak horiek deitu ez izana salatu dute gaur udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. Hori dela eta, langileen asanbladan adostu dute hilaren 16rako greba eguna deitzea.
Abenduan onartu zen Egonkortze Legea betetzeko eskatu diote Gernika-Lumoko udal langileek udal gobernuari. Horretarako, negoziazio mahaiak deitu behar dituztela azaldu dute, eta udal gobernuak horiek deitu ez izana salatu dute gaur udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. Hori dela eta, ELA eta LAB sindikatuek langileen asanbladan adostu dute hilaren 16rako greba eguna deitzea.
Negoziaziorako esparruak zabaldu ez izana salatu dute sindikatuek gaur: “Abenduan onartu zuten bitarteko funtzionarioen legea, martxoan gaude, eta ez da negoziazio batzorderik deitu. Ez dituzte batzordeak deitu, eta langileen arloan bideratu behar diren hainbat gai baztertuta dituzte”. Negoziazio mahaian elkartzea legea betetzeko “beharrezkoa” dela adierazi dute, legea bete behar dela azpimarratuz.
Egonkortze Legea abenduan onartu zuten administrazio publikoak egoera “oso berezi” batean daudelako, izan ere, bitarteko funtzionarioen tasa “oso altua” da, %50 eta %60 artekoa. Hori horrela, eta langileen egoera egonkortzeko asmoz, tasa hori %8ra jaitsi behar dela onartu zuten Europan. “Europan onartutako legea betetzeko, lege berezi bat onartu da Madrilen. Lege horren arabera, baldintza berezi batzuetan, interinoren plaza asko Lan Eskaintza Publikoaren deialdian jaso behar dira”, azaldu dute sindikatuetako ordezkariek.
Plaza horiek legez egonkortu behar direnez, hori bideratzeko negoziaketa prozedurak martxan jarri behar direla diote sindikatuek: “Administrazio guztietan daude prozedura horiek martxan jartzen eta Gernikako udaletxea geldi dago”. Hain zuzen ere, sindikatuek zehaztu dute legea betetzeko ekainaren 1a aurretik aldizkari ofizialean argitaratuta egon behar dela Lan Eskaintza Publikoa, baina ez dagoela hori egiterik negoziazio prozesuak bideratu arte: “Negoziazioen mahaia zabaltzeko eta Egonkortze Legea martxan jartzeko eskatzen eta eskatzen gaude, baina ez dute bilerarik deitzen. Asanblada bat egin genuen joan den astean, eta ELA eta LABen izenean udalari eskatu genion negoziazio bat deitzeko, eta ez dute horrelakorik egin. Ez hori bakarrik, euren berririk ez daukagu. Ekainaren 1erako argitaratuta egon behar dira xehetasunak, eta horrek esan gura du maiatzaren hasierarako guk negoziazioa eginda eduki behar dugula”.
“Ezinegona”. Gernika-Lumoko udaletxean 63 bitarteko funtzionario daude, eta euren lanpostuak dira lege horren barnean biltzen direnak. “Ez da aukera bat lege hori ez betetzea. Legea bete behar da, eta eskatzen duguna da behingoz negoziazio esparruak martxan jartzea, negoziazio mahaiak martxan jartzea eta lege hori betetzea”, azaldu dute udal langileek, urduri eta kezkatuta daudela adieraziz.