Pablo Gonzalez kazetariaren kontrako akusazio ofizialik ez dagoela diote senideek
Familiak ez du Gonzalezen egoeraren inguruko berririk, eta bere lana egitearren atxilotu dutela adierazi du. Nabarnizko eta Elantxobeko udalek gertatutakoa gaitzetsi dute, eta adierazpen publikoak plazaratu dituzte.
Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarra Polonian atxilotu zuten astelehenean, Ukrainako gerraren ingurukoei buruz informatuz beharrean ari zenean. Halaber, Gonzalezek lehenagotik ere baldintzatua ikusi du informazioa emateko eskubidea; izan ere, Ukrainako inteligentzia zerbitzuek galdeketa egin zioten, Ukrainako gerra aurreko testuinguruan, informazioa emateko lanean murgilduta zegoenean.
Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyerrek adierazitakoaren arabera, kazetaria atxilotzearen arrazoi bakarra “bere lana modu profesionalean egitea” da; ildo horretan, Gonzalezen kaleratzea eskatu, eta prentsa askatasunaren aldeko aldarria egin du Boyerrek. Tankera berean mintzatu zaizkio HITZAri Gonzalezen senideak eurak ere: “Pabloren kontrako akusazioak ez dituzte publiko egin eta, horrenbestez, ez dakigu ezer berari buruz”. Gonzalezen egoeragatik arduratuta eta gerraren inguruabarragatik saminduta, senideek “eskerrik beroenak” eman dizkie Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, “laguntza emateko bidean, Pabloren egoeraz benetan arduratu diren bakarrak baitira gaur artean”. Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak, aldiz, ez du inongo urratsik egin Gonzalezen kaleratzearen bidean.
Horrez gain, Reporteros Sin Fronteras kazetarien kolektiboak ere Elantxobeko kazetaria libre uztea eskatu du, eta Poloniako agintariei “pasatutako guztiaren gaineko informazio argia ematea” eskatu diete. Alor politikoari dagokionez, Unidas Podemos eta Galicia Común talde parlamentarioa izan da Espainiako Kongresuan gai horri buruz mintzatu den bakarretakoa: Anton Gomez-Reinok azpimarratu du Gonzalezek egunak eta egunak daramatzala Ukrainako egoeraren inguruko “informazio eredugarria eta ezinbestekoa” ematen. EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk argi eta garbi adierazi du atxiloketa hori “prentsa adierazpenaren kontrako eraso bortitza” dela.
Busturialdean ere, babesa
Nabarnizko eta Elantxobeko udalek euren babesa, elkartasuna eta laguntza eskaini die Gonzalezen senide orori. “Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik”, adierazi dute Nabarnizko Udaletik. Elantxobekoak, aldiz, eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko lantaldeari, “lan ona egiten ari baitira, gainontzekoek ezer egin ez dutenean”. Era berean, Gonzalezek Elantxoben eman behar zuen hitzaldia, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrari buruzkoa, etorkizun hurbilean behingoz egin ahal izatea espero du udalak, “interes handia pizten ari baita”. Amaitzeko, Elantxobeko Udalak “babesa eskaini eta ulermen guztia adierazi” dio herrian hain ezaguna den kazetariaren sendiari. Halaber, Busturialdeko Ongi etorri errefuxiatuak taldeak ere Gonzalezen kaleratzearen aldeko adierazpena egin du, kazetariari eta Nabarnizko, Elantxobeko nahiz Kataluniako bere familiari babesa bidaliz. Modu beretsuan adierazi dute beren elkartasuna Gernika RTk eta Elantxobe Arraun Taldeak, sare sozialetan Gonzalezi babes hitzak eskainiz eta lehenbailehen bere kaleratzea eskatuz.