"Jiu jitsu modu askotara definitu daiteke, baina bizitzeko era bat da"
Gerriko morea jantzita, Master 1 kategoriako Europako Jiu jitsu txapelduna da Aburruza. Lortutakoagaz pozik, irailean mundu mailako txapelketa lehiatzeko asmoa dauka.
Gerriko moreagaz, Master 1 kategorian irabazi duzu Europako Jiu Jitsu txapelketa. Espero zenuen garaipena izan da?
Irabazteko aukerak nituela uste nuen, txapelketa aurretik asko entrenatu nuelako. Aurkarien zerrenda itxi zenean, baina, zozketa bidez, nire aurkariek baino kanporaketa bat gehiago jokatzea egokitu zitzaidan. Bederatzi pertsonak eman genuen izena, eta zortzi pertsonakoa zen lehia.
Zelako maila zuten aurkariek?
Maila ona zuten, baina uste dut nik entrenatzen dudan gimnasioko kideak txapelketako aurkariak baino gogorragoak direla. Ez nintzen horretaz ohartu txapelketara ailegatu nintzen arte. Entrenatzen dudan gimnasioa txikia da, eta gehienek lehiatzen ez duten arren, gogor entrenatzen dugu. Ez nekien %100ean zein zen nire benetako maila.
Aurkariak ezagutzen zenituen?
Ez. Normalean baten batzuk ezagutzen ditut, baina ez oraingoan. Urduri nengoen lehia hasi aurretik. Borroka denen artean, portugaldarraren aurkakoa izan zen gogorrena. Hasieran ez nekien Portugalekoa edo Brasilekoa zen, eta brasildarrak izaten dira onenak. Portugaldarra zela jakin eta gero ere, bera izan zen aurkaririk gogorrena. Hala ere, ez zen borrokaren amaierara heldu. Jiu Jitsun, bi modu daude irabazteko, bata da denbora amaitu eta puntuen bitartez irabaztea, eta bestea, aurkariari amore ematera derrigortuta gailentzea. Nire kasuan, aurkari guztiek denbora amaitu orduko amore eman zuten.
Zelako esperientzia da Europa mailako txapelketa batean parte hartzea?
Beste hiru aldiz ere lehiatu dut txapelketa. Bat gerriko zuriagaz, eta beste bi gerriko urdinagaz. Baina inoiz ez dut izan oraingoan eduki dudan konfiantza maila. Garaipena lortzea zaila zenaren usteagaz aurkeztu nintzen aurrekoetan, jakinda oso-oso zaila zela zerbait lortzea.
Oraingoan, baina, bestelako sentsazioekin parte hartu duzu. Zergatik?
Nire antzeko pisuko jende gehiagogaz entrenatu dut, eta entrenatzailearengandik hurre sentitu naiz. Prestakuntza guztia beste ikuspuntu batetik jorratu dugu. Prestakuntza mentala ere asko landu dut. Izan ere, edonor da pisua altxatzeko gai, baita borrokatzeko ere, baina garrantzitsuena da burua argi edukitzea, eta horretarako entrenatu egin behar da. Burua entrenatuta izateak asko laguntzen du. Hilabete bi egon naiz txapelketaren aurreko eguna prestatzen, banekielako lehiatzeko ordua ailegatzerakoan urduri egongo nintzela. Urduritasun hori zelan aldendu prestatu dut, zelan lasaitu. Eguneroko lanketa izan da.
Beste zer prestatu duzu?
Nik normalean 68 kilo pisatzen ditut kimonoagaz, baina 64 kiloko pisuan borrokatzen dut. Hori horrela, 62,5 kilo pisatu behar ditut lehiatu aurretik, kimonoak kilo eta erdiko pisua daukalako. Niretzako erraza da pisua jaistea. Ondorioz, orain arte, azken bi asteetan jan barik egoten nintzen pisura ailegatzeko. Hori ez da egokia, baina egin egiten nuen. Oraingoan, bestalde, pisua jaisteko helburuagaz, dieta bat egin dut txapelketa hasi aurreko bi hilabeteetan. Horrek ere diziplina bat suposatzen du.
Zer da Jiu Jitsu zuretzako eta noiz hasi zinen praktikatzen?
Jiu Jitsu era askotara definitu daiteke, baina niretzako bizitzeko modu bat da. Nik Jiu Jitsu arnasten dut, bizitzen dut eta jaten dut. Bermeon hasi nintzen judo egiten, eta ingelesa ikastera etorri nintzen Ingalaterrara. Bertan, beste arte martzial batzuk probatu gura nituen, eta gimnasio batean izena eman nuen. Gutxika-gutxika, denak probatu eta Jiu Jitsu praktikatzen hasi nintzenean, jarraian jakin nuen hori zela egin gura nuena.
Ze berezitasun dauka?
Talde baten parte sentitzea da gehien gustatzen zaidana. Entrenatzen dugunok lagunak gara. Tatamian gaudenean, batak besteari ikusitakoak eta ikasitakoak erakusten eta azaltzen dizkiogu, teknikak lantzen ditugu, eta denok batera hobetzen dugu. Ez da borrokatzea bakarrik. Banakako kirola dirudien arren, talde bat dago atzean. Bakarrik oso zaila da zerbait lortzera ailegatzea. Mentalitate berdineko taldea beharrezkoa da. Norberaren helburu berak dituen jendeagaz inguratzea beharrezkoa da hobetzeko. Helburuak lortzeko, denok egin behar dugu ahalegina, bakoitzak eta ingurukoak. Hala ere, nahiz eta taldean entrenatu, egia da tatamira salto egitean, bakarrik gaudela. Eta niri asko gustatzen zait estrategia eta teknika horiek prestatzea eta lantzea. Xake jokoa modukoa da Jiu Jitsu. Asko pentsatu behar da borrokatzerakoan, eta hori gustatzen zait niri, burua lanpetuta izatea momentu guztian.
Zer da garrantzitsuagoa? Estrategia, pentsatzeko arintasuna edo indarra?
Garrantzitsua da oinarri atletiko bat izatea. Hori gutxienekoa izan behar da, norbere gorputza zaindu behar delako. Taktika edota estrategia barik ere ez da ezer lortuko. Ze, nahiz eta teknika asko jakin, zure aurkaria azkarragoa izanez gero, irabazi egingo dizu. Kontua ez da handiagoa, txikiagoa edo indartsuagoa izatea.
Europakoa irabazi aurretik hainbat txapelketatan parte hartu duzu.
Denetarik egin dut. Londresen bizi naiz, eta ia astebururo txapelketa desberdinak antolatzen dituztenez, horietan parte hartzea gustatzen zait. Horiez gain, Europa mailan ere lehiatu dut Polonian, Dinamarkan, Madrilen… Handienak, baina, 2018ko eta 2019ko mundialak izan dira. Niri gehien gustatu zitzaidana 2019an Californian lehitutako mundu mailako txapelketa izan zen, ez nuen ezer irabazi, baina pozik bueltatu nintzen. Txapelketa baino bi hilabete lehenago, Miamira joan nintzen entrenatzera, eta handik Californiara txapelketan borrokatzera. Final-laurdenetan kaleratu ninduten. Pena handia izan zen asko entrenatu nuelako, baina banekien oso zaila zela domina bat lortzea mundu mailan.
Gero eta ezagunagoa den arte martziala da.
Gitxika-gitxika asko hazten ari den kirola dela uste dut. Europako txapelketan, nahiz eta pandemia garaia izan, 5.000 parte hartzaile egon ginen. Hori asko da. Asko hazten ari den kirola da, eta ez nau harritzen. Judogaz batera, umeentzako zein nagusientzako dagoen kirol onena dela uste dut. Ondo pasatzeko aukera da, osasuntsua eta balio garrantzitsuak transmititzen dituena: errespetua, talde lana, kiroltasuna…
Ze txapelketa dituzu begiz jota?
Hurrengo helburu handia da mundu mailako txapelketa lehiatzea irailean, Las Vegasen. Bertara joateko eta irabazteko asmoa daukat. Oso lehiakorra naiz, baina gerta daiteke lehenengo kanporaketan kaleratzea edo finalera ailegatzea. Master 1 kategoriako txapelketa irabazteko entrenatuko dut nik.
Eta etorkizunean, zein da zure helbururik handiena?
Jiu Jitsun lehiatzen gauden guztiok ezin dugu kirol honetatik bizi, beraz, nire helburua da gehien gustatzen zaidanaz bizi ahal izatea. Etorkizunean, Jiu Jitsu erakusten lan egin nahi dut. Jendeari erakutsi gura diot zer den kirol hau. Emaitzei dagokienez, orain gerriko morea daukat, eta beste bat lortu behar dut beltza eskuratu aurretik. Hori lortzea ere gustatuko litzaidake. Lehenago, baina, mundiala irabazi gura dut moreagaz.
Euskal herritarren babesa ere eduki duzu.
Euskal Herritik zorioneko mezu asko jaso ditut. Jasotako babesa oso handia izan da, eta asko poztu nau. Eskerrik asko nitaz gogoratu diren guztiei, lagun zein ezezagunei.