Aitor Etxebarriak etxean jokatuko du Garferen binakako txapelketako partidua
Iturriagagaz batera jokatuko du, Labakaren eta Irustaren kontra. Lodosako partiduan lortutako porrota gainditzea eta ahalik eta mailarik handiena ematea du helmuga Etxebarriak.
Gernika-Lumoko Santanape frontoiak Garferen binakako txapelketako hirugarren jardunaldiko partiduak hartuko ditu, etzi [martxoaren 5a]. Zita bikoitza izango da zapatukoa: batetik, 4 1/2ko partidua egongo da, 18:00retatik aurrera; bertan, Pradok eta Uribek indarrak neurtuko dituzte elkarren kontra. Ostean, partidu nagusiaren txanda izango da: Aitor Etxebarria nabarniztarra Iturriagagaz batera lehiatuko da, Labaka eta Aitor Irusta munitibartarraren aurka.
Norgehiagoka zaila eta adierazgarria izango da Etxebarria II.arentzat; izan ere, txapelketako bigarren partidua izango da beretzat. Lehendabizikoa Lodosan [Nafarroa] jokatu zuten Iturriagak eta berak, eta ez zuten emaitza onik eskuratu: “Elizalderen eta Aldaveren kontrako Lodosako saioan ez genuen garaipena lortu, 22-18 amaitu zen saioa; horrenbestez, bai ala bai irabazteko asmoagaz joan beharko gara Gernika-Lumoko partidura, egoera iraultzeko asmoz”. Nafarroan jokatutako partiduan galtzaile aterata, eta taulan bosgarren postuan izan arren, Etxebarriak adierazi du joko aldetik “nahikoa gustura” geratu zela: “Egia esan, gure jokoaren maila ez zen batere txarra izan, baina argi dagoena da txapelketa honetan irabazteak besterik ezin digula balio, eta ikuspuntu horregaz begiratzen diogu zapatuko partiduari”.
Norgehiagokan gailentzeko, Etxebarriak argi du “segurtasunez eta sendo” agertu beharko direla zapatuan. Era berean, azaldu du partidu bakoitza “guztiz desberdina” dela, eta, hortaz, “ohiko jokoari heltzea” baino ez zaiela geratzen Iturriagari eta berari. Halaber, etxean jokatzeak suposatzen duen motibazio gehigarriaz ere mintzo da: “Aurten kilometro asko egitea suertatu zait, eta, ondorioz, etxean eta etxeko ikusleen berotasunagaz jokatzea oso polita eta berezia da niretzat”.
Bere kirol ibilbidean zehar, Etxebarria II.ak nahiago izan du bakarkako saioetan aritzea; dena dela, eskuan izandako lesioek binakako formatuarekiko zaletasuna piztu diote aspaldian, eta orain, ostera, “oso atsegin ditu” binakako partiduak. Ildo beretik, argitu du bere bikoteagaz, Iturriagagaz, lehenengo egunetik “oso ondo” konpondu dela. Aurtengo helburuei dagokienez, Garfegaz urte osoa jokatzen duenez, binakako txapelketan ahalik eta maila altuenean ibiltzea du xede. Horregaz batera, finalaurrekoetara sartzea ere lehen mailako jomugatzat dauka. “Nire mailarik onena erakutsi behar dut, Garfeko arduradunek nigan erreparatzen jarrai dezaten, eta datozen urteetan ere niganako konfiantza mantentzea apustu ona dela erakusteko”.
Zapaturako partiduetako sarreren aurresalmenta martxan da dagoeneko: Auzokoa tabernan, Nabarniz jatetxean eta Santanape polikiroldegian daude salgai, bost euroren truke. Egunean bertan ere egongo dira, zortzi euroko prezioan.