Pedro Olea zinemagile bizkaitarra omendu du Gernika-Lumoko Zine Klubak
Gernika-Lumoko Zine Kluba 40. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago, eta barikuan [otsailak 27], Pedro Olea euskal zuzendaria omendu zuten, Lizeo Antzokian.
Oleak berak parte hartu zuen ekitaldian, eta ohorezko aurreskua eskaini, txapela ipini eta oroigarri bat eman zioten.
Omenaldi-ekitaldiaren aurretik, 20:00etan haren 1984ko Akelarre filma ikusi zuten antzokira bertaratutakoek. Nafarroako Araitz bailaran 1595. urtean gertatu zen egiazko sorgin ehiza batean oinarritutako pelikula da, eta grabatu ere bertan grabatu zuten.
Esan bezala, proiekzioa amaitu ostean, omendu zuten zinema zuzendari, ekoizle eta gidoilari bizkaitarra. “Baliozkotu beharrekoa da bere lana, ekarpen handia egin dezakeen zinemagilea da”, esan dute Zine Klubaren arduradunek.
Hain zuzen ere, Olearen lana aitortzeko aurreko asterako bi proiekzio prestatu zituzten. Eguen iluntzean, Pablo Maloren Olea… ¡más alto! (2019) eskaini zuten Lizeo Antzokian. Bertan, Oleak “kamera atzean egindako lana” islatu zuen Malok.
Otsaila eta martxoa
Zinema areto komertzialetatik kanpo zinema independentea lantzeko beharrizanaz ohartuta, gazte talde bat batu eta Gernika-Lumoko Zine Kluba sortu zuten 1982an. Urteurren honetarako bi zinema ziklo prestatu dituzte otsailerako eta beste bat martxorako. Otsailaren 11n egin zuten lehenengo proiekzioa, eta martxoaren 25eko emanaldiagaz borobilduko dituzte zine ziklo berezi horiek.