EAk itsas gudariak omenduko ditu domekan
Itsasoan lore eskaintza egingo dute lehenengo, eta horren ostean, Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako 'Matxitxakoko Guda' eskultura aurrean batuko dira, 10:30ean.
Aurten ere, hutsik egin barik, Matxitxakoko Gudaren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia antolatu du Eusko Alkartasunak (EA) domekarako; 1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte.
Itsasoan lore eskaintza egingo dute lehenengo, eta horren ostean, Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean batuko dira berdina egiteko, baina lurrean. 10:30ean jarri dute ordua Matxitxakoko Guda eskulturan. Autobusik ez dute jarriko, norbanakoen autoetan joango direla zehaztuta. Ingurura sartzeko baimena eskatu behar dela jakitera eman dute, horregatik, auto batzuek baino ez dute gunera sartzeko baimena edukiko.
Lore eskaintzak egin ostean, herrira bueltatuko dira. Hain zuzen ere, 12:15ean ekitaldi politikoa hasiko da Bermeoko Kafe Antzokian. Kontxi Gabantxok aurkeztuko duen ekitaldian, Idurre Gabantxo EH Bilduko senatari bermeotarrak parte hartuko du, baita ere, Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak Eba Blancok.
Amaieran, bertaratutakoentzako luntxa eskainiko dutela azaldu dute; Kafe Antzokian bertan izango da.