Biztanleria atzerritarraren kopurua mantendu egin da Busturialdean
Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, 19 atzerritar gehiago besterik ez daude aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, beste herrialde batzuetako 2.493 pertsona daude erroldatuta.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakitera eman duenez, mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontutan hartuta, atzerritik heldutako biztanleen kopurua mantendu egin da azken urtean. Iazko datuekin alderatuta, eskualdeko herrietan erroldatuta dauden 19 atzerritar gehiago besterik ez daude.
Zehaztu dutenez, beste herrialde batzuetako 2.493 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz; alegia, eskualdeko biztanleria osoaren %8,4. Espainiako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontutan hartuz gero, ehuneko hori handiagoa dela zehaztu du mankomunitateak: %9,5. Aipatu ehunekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoena baino baxuagoa da, %11,1ekoa baita azken horretan.
Mankomunitateko arduradunek azaldu legez, kontuan hartu beharrekoa da “gero eta etorkin gehiagok” jasotzen dutela espainiar nazionalitatea, batez ere, Hego Ameriketatik iritsitakoek. “Horrenbestez, nahiz eta eskualdean bizi izan, erroldetan ez dira atzerritar modura agertzen”, adierazi dute. 2013. urtetik, 317 lagunek jaso dute espainiar nazionalitatea. Iaz, esaterako, 42 atzerritarrek jaso zuten, beraz, 2.493 erroldatuei, espainiar nazionalitatea jaso dutenak gehitu behar zaizkie.
Mankomunitateak biltzen dituen hemeretzi udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritakoen (%58) eta Europako Batasunetik etorritakoen kopurua ia berdina da: 1.273 eta 1.220 biztanle. Europar Batasunetik etorritako biztanleetatik %87 errumaniarrak dira; 1.062 dira aurten, eta 1.103 ziren iaz. Errumaniarrez gain, nazionalitaterik ugarienak marokoarra (138), nikaraguatarra (111), argentinarra (96) eta brasildarra (86) dira.
Hala ere, nabarmentzekoa da iaz Kolonbiatik eta Argentinatik etorritako pertsonen hazkundea; hain zuzen, 17 lagun bertaratu dira herrialde horietako bakoitzetik. Hamar iritsi dira Saharatik eta bederatzi Venezuela eta Hondurasetik.
Nazionalitate guztiak kontuan hartuta, berri, eskualdeko etorkinen %49 dira emakumezkoak.
Gehienak, Gernika-Lumon. Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bizi diren atzerritarren gehiengoa (%75) Gernika-Lumon bizi da; hain zuzen, 1.874 lagun, iaz baino 27 gutxiago. Horiek, udalerriko biztanleriaren %11 osatzen dute, %12,4 espainiar nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontutan hartuta. Hala ere, azken hamabi hilabeteetan, erroldatutako etorkinen kopurua gutxitu egin da, 11 lagun gutxiago baitaude.
Muxikako kasua ere nabarmendu behar da, azken urtean 14 atzerritar gehiago zenbatu dituztelako. 91 ziren 2021ko urtarrilaren 1ean, eta 105 dira aurten. Ean eta Sukarrietan ere, erroldatutako sei atzerritar gehiago daude aurten, Kortezubin berriz, bederatzi gutxiago.