Hirugarren maila ortzimugan, Bermeo FTrentzat
Futbol talde bermeotarra hirugarren mailara igarotzeko igoera kanporaketara sartu da, lurralde mailan 5. sailkatuta.
Bermeo FC taldeak, lurralde mailan bi denboraldi bete dituenean, hirugarren mailara igotzeko lehiari bete-betean ekin dio. Izan ere, bermeotar kluba bosgarren sailkatu da lurralde mailan, eta promoziorako atea zabaldu zaio. Ibon Uriarte Maguregi entrenatzailearen esanetan, mailaz igotzea azken urte bietan uneoro ortzimugan izan duten helburua da: “Denboraldi hasieratik argi geneukan taulan ahalik eta goren sailkatu behar ginela, promozioaren borrokari heltzeko, guretzat denboraldi zaila izan den arren”. Zailtasun hori koronabirusaren pandemia egoerak sortutako etenaldiek eta Bermeo FTren “egoera sozial eta ekonomikoak” piztu dute, Uriarteren ustez. “Bermeo FTk ez du beste talde batzuek bezalako oihartzunik, eta arlo ekonomikoan ere ez da beste batzuk bezainbesteko kirol egitura sendoa, batik bat, Txorierri inguruko klubak”, azaldu du.
Ohorezko mailako 3. taldean sailkatu da Bermeo FT igoera kanporaketara; klub bermeotarragaz batera, SD Erandio, SD Zamudio, Santurtzi eta SD San Pedro dira lehia horretan ibiliko diren taldeak. Dena dela, igoera kanporaketan taldeak gurutzatuko dituzte, eta, ondorioz, beste multzo bateko aurkariak izango dituzte: CD Padura, Dinamo San Juan, SD Indautxu, Balmaseda FC eta CD Derio. Play off-etako partiduen datak oraindik ez dira publiko egin, aste honetan zehar plazaratuko dituzten arren.
Bermeo FTkoek, taldearen egungo testuingurua dela eta, zailtasunak izan dituzte fitxaketa egokiak egiterako orduan, aurrekontua tarteko; halaber, lantaldearentzat ez da urte erraza izan, lesio dezente izan baitituzte. Zentzu horretan, Uriarte “oso harro” ageri da bere jokalariek erakutsitako jarreragaz eta, horregaz batera, oztopoei aurre egiteko moduaz. Baliatu dituzten irtenbideen artean adierazgarriena, besteak beste, herriko jokalari gaztetxoenei minutuak eta aukerak ematea izan da: “Partiduren batean, esate baterako, lau jokalari besterik ez ditugu izan aulkian, eta, horrenbestez, aukera desberdinak eman dizkiogu harrobiari, guretzako irtenbide ederra delako eta, horrez gain, jokalari gazteentzat ere aukera polita baita”.
Denboraldian zehar modu bikainean ibili da klub bermeotarra: lehen erdira taulako lehen postuan iritsi zen, “zeharo zaila” egin zitzaien hilabete eta erdi ilun bat hasi orduko. “Lesioengatik txarto pasatu genuen, sufritzea egokitu zitzaigun, eta play off-erako sailkapen honek sari usaina baino ez du guretzat; hemendik aurrera datorren denagaz gozatzeko gogotsu gaude, talde umila baina polita eta motibatua dugu eta”. Aurten, bi jokalari baino ez dituzte fitxatu. Uriarte lantalde “xumea baina lehiakorra” dutelakoan dago: “Gure baliabideekin, lan handia egin dugula esango nuke; eskuragarri daukagun aurrekontua aintzat hartuta, maila oso altuan gaude”. Bermeo FTren taldeaz galdetuta, aurkari oro “oso esanguratsua” biohurtu direla dio Uriartek: “Berez, gure multzoa lehiakorragoa da, baina beste multzokoak ere ez dira apalagoak; hori bai, gure mailari eusten badiogu eta min hartuta dauden jokalariak garaiz heltzen baldin bazaizkigu, argi dugu gu geu ere talde hoberenaren pare garela”.
Aurkariren batengatik galdetuta, Balmaseda FC du ahotan entrenatzaileak. “Aurten kirol proiektu sendoago batean sartu dira, sarrera ekonomiko adierazgarriagoagaz, eta lehen baino maila altuagoan daude”. Nolanahi ere, Bermeoko futbol taldekoak “itxaropentsu eta futbol gosez” ageri dira, euren maila naturala hirugarrena den jakitun.