Behetik gorako lasterketa
Ice Ultra lasterketa irabazita, «pozik» bueltatu da Julen Urdaibai korrikalaria; garaipenagaz baino, bere buruagaz «konplitu» eta oztopoak gainditzen jakin izan duelako «gustura» dago.
Nekatuta, baina pozik bueltatu da Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra Zirkulu Polar Artikotik. Pozik dago Ice Ultra lasterketa «ondo» joan zaiolako: «Ondo prestatuta joan naiz. Lasterketan egin beharreko gauzak, jan, edan, deskantsua,… protokolo guztiak ondo bete ditut, eta lasterketa polito atera zait». Behetik gorako lasterketa izan da Urdaibairentzat; «Krisian hasi eta gero egunak faltatu zaizkit».
Pozik dago beragaz «konplitu» duelako, lortu duen garaipenari horrenbesteko garrantzirik eman barik: «Bigarren edo hirugarren postuan gelditu banintz norbere lana topera egin ostean, pozik egongo nintzateke berdin-berdin. Antolatzaileek esan zidaten ez nindutela euforiko ikusten, agian, izan daiteke pertsona lasaia naizelako. Hala ere, pozik nago, neure buruari ezarritako helburua bete dudalako eta eduki ditudan oztopo psikologikoak gainditzen jakin izan dudalako, pazientziagaz. Horregatik guztiagatik, pozik nago neure buruagaz».
Lehenengo eguna egin zitzaion bermeotarrari gogorrena. Gogoratu du bezperan kanpoan lo egin zutela, gainera: «-20 gradutan lo egin genuen Sami motako kanpadenda batean, sei lagunek. Metro bateko karibuen larruazala eman ziguten, bakoitzari bat. Ez zuen gorputz guztirako ematen. Aurreko parte hartzaile batek abisua emanda, estera eraman nuen, badaezpada. Ondo egin nuen, gehienek izterrak kanpoan lo egin behar izan zuten; atera kontua hotza! Eta horri, lehenengo eguneko urduritasuna gehitu behar zaio».
Antolatzaileek esanda bazekiten lehenengo egunak gogorrak izango zirela, elur asko eta haizea emanda zeuden, eta mendiak igo behar zituztela bazekiten ere. Hala ere, dioenez, ezin du ahaztu lehenengo etapa; lasterketa hasi eta ordu batera mendi bat igotzen hasi zen, bost ordu beranduago, oraindik igotzen zegoen, eta elurra gelditu barik. «Parte hartzaile batzuek bastoiekin joan ziren, nik ez nituen eroan». Momentu batean «etsipena» izan zuen: «Hanka sartu nuela pentsatu nuen, baina hala edo hola amaitzea erabaki nuen eta hurrengo eguna zelan doan ikusi».
Lasterketarako zeraman helburua aldatzea ere pentsatu zuela dio: «Sailkapenean goian amaitzea zen nire helburua, baina momentu batean pentsatu nuen helburua izan behar zela lasterketa amaitzea». Lehenengo eguna 9 ordu eta 45 minutu ingurutan amaitu zuen; sailkapenean, hirugarren postuan.
«Beste filosofia bat». Bigarren eguna ere mendiak igotzen eman zuela dio, baina «beste filosofia» bategaz. Etapa horretan, baina, korrika egiteko aukera gehiago izan zuela dio, berak «gura» zuena: «Hobeto sentitzen hasi nintzen, neu izaten hasi nintzen». Bigarren amaitu zuen bigarren etapa.
Hirugarren egunean mendirik ez, izoztutako laku bat zen; «psikologikoki oso gogorra, paisaia momentu guztian berdina, eta ez nuen inguruan inor ikusten». Etapa horretan ere, korrika egiteko aukera eduki zuen, korrika egiten sentitzen baitzen, gainera, «eskalatzen baino hobeto».
Laugarren etapa izan zen lasterketako luzeena, 64 kilometro izan ziren; «oso ondo» joan zitzaion. «Banekien ez zegoela mendirik. 06:30ean hasi ginen korrikan. Musika jarri nuen etapa horretan, besteetan ez modura. Musika erabiltzen dut nik, benetan behar dudanean, burua beste leku batera eroateko. Italiar bategaz egin nuen ia etapa osoa. 15 kilometro falta zirela, atzean geratzen hasi zen eta bakarrik egin nituen azken kilometroak. Gauez hasi ginen eta gauez amaitu».
Laugarren etapa lehenengo amaitu zuen, baina ez zekien sailkapen orokorreko zein postutan zegoen. Estaldura zegoela gogoratzen du, eta emazteak esan zion lehenengoarengandik sei minutura zegoela. Azken etapa, 15 kilometrokoa, «oso ondo» egin zuen; lehenengo sartu zen helmugara, eta lasterketa ere irabazi zuen. Bere urtebetetze eguna zen, gainera eta, hortaz, 2022koa «ahaztuko ez duen» urtebetzea izango da.
Izoztuta. Kontatzen du jatekoa gorputzera itsatsita eroan beharra dagoela, bestela, izoztu egiten dela: «Jateko eskularrua kendu, barritari papera kendu, haginkada bat eman… ahokoa biguntzen ari den bitartean… minutu bat inguru izango da, kanpoan dagoen barrita gogortu egiten da. Inoiz ere ezin da kanpoan utzi».
Tarteka, bizarra, betileak,… izoztuta zituen eta sudurra, «ia sentitu barik». Edozer egiteko «esfortzua» behar zela dio; jateko, edateko… Ura ere irakiten sartu behar zuten, «arin izozten baitzen». Lehenengo egunean, baina, ez zen konturatu: «Lehenengo etapan gauza horiek guztiak gertatzen zaizkizu, ikasteko balio dutenak».
Uste zuena baino gogorragoa izan den galdetuta, Urdaibaik dio lehenengo etapa «froga psikologiko» bat izan zela beretzat: «Artikoan ikusi dut dena ez dela korrikan egitea eta mendiak ere badaudela. Ikasteko balio izan dit». Baina horri guztiari buelta ematen jakin izan du, eta horregatik, «pozik» dago bermeotarra.
Errepikatuko lukeen arren, Urdaibai ez da errepikatzen duen horietakoa, «beste leku batzuk badaudelako». Hala, aurrera begira, egin gurako lukeen proben zerrenda bat dauka bermeotarrak. «Alaskan dago bat, «hotz askotan», dio. «500 kilometroko lasterketa da, etapa barik, zortzi egunetan amaitu beharrekoa, jan eta lo gura duzun lekuan. Abentura bat litzateke niretzat». Australiako proba bat ere badauka buruan, eta Asian eta Ozeanian ere ez da egon.
Orain, burua behartu du atseden hartzera, gutxienez, beste aste bat: «Ondo sentitu arren, badakit ez nagoela oraindik ondo. Jan eta jan nabil». Gero, lasai hasiko da entrenatzen.
Herrian izan duen oihartzunagaz «harrituta» dago; oraingoan «izugarria» izan dela dio, bai joan aurretik, baita ere lasterketa amaitu ostean. Horregatik, eskerrak eman gura dizkie den-denei. «Une batean emozionatuta egon naiz, izugarria izan delako jaso dudan babesa. Ehundaka mezu jaso ditut. Eskerrik asko guztiei».