Barik mobile aplikazioa iraileran ezartzea aurreikusi dute
Irailetik aurrera, Barik txartela erabili ordez, garraio publikoa telefono mugikorretatik ordaintzea ahalbidetuko du aplikazioak. Erabiltzaileek bankuko txartel bategaz edo Bizum bitartez kargatu ahal izango dute.
Gorka Ugalde Martinez Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari gerenteak zuzentzen duen toki-erakundeak gauzatutako jarduera nagusiak azaldu ditu gaur [otsailak 25] Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Aipatu erakunde Bizkaiko garraio publikoa koordinatzeaz, Metro Bilbaoren eraikuntza eta ustiapena finantziatzeaz eta Barik txartela kudeatzeaz arduratzen da. Ugaldek esan du “telefono mugikorrak Barik txartel bihurtzeko sortutako Barik Mobile aplikazioa irailean martxan ipintzea” aurreikusi dutela. Beraz, Irailetik aurrera, Barik txartela erabili ordez, garraio publikoak telefono mugikorretatik ordaintzea ahalbidetuko du aplikazioak. Erabiltzaileek bankuko txartel bategaz edo Bizum bitartez kargatu ahal izango dute. Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari gerenteak argi utzi gura izan du sistema hori ez dela ordaintzeko sistema berria: “Euskarri berria da. Garraio publikoko bezeroak bankuko txartel bategaz edo Bizumagaz kargatu ahal izango du, eta gero, balioztatze-makinara hurbilduz bidaiatu ahal izango du”.
Pausu “berritzailea” dela azpimarratu du. Hardware azpiegitura eguneratzea eskatzen ez badu ere, softwarea eguneratzea eskatzen duen teknologia berria eta konplexua denez, aldi baterako proba pilotua egin dute, “Gazte 70 eta Gazte Oro tituluak dituzten erabiltzaile gazteen artean”. Aplikazioaren fidagarritasuna probatzeko, erabiltzaileen esperientzia ezagutzeko eta balizko gorabeherak konpontzeko egin dute probaldi hori. Beraz, azterketa horren ondorioek zehaztuko dituzte proiektuaren hurrengo pausoak; izan ere, horien arabera, beharrezkoak izan litezkeen “doikuntzak eta garapen gehigarriak” egin beharko dituzte.
Bizikleta elektrikoak. Bestalde, Ugaldek jakinarazi du amaitu dutela Bizkaiko garraio publikoan bizikleta elektrikoak “zaintzeko eta kargatzeko puntuak” ipintzeko azterlana.
Bizikletaz mugitzeko beharrezko egitura garatzeko lankidetza publiko-pribaduko hitzarmenaren barruan egin dute azterlana, eta metro geltokien ondoan “zazpi puntu” identifikatu dituzte: bost Getxon eta beste biak Portugaleten eta Leioan. “Proiektuaren helburua Metro Bilbaoko bezeroei geltokietarako sarbidea erraztea da, euren bizikleten bidez, joan-etorri luzeenak errazteko”.