Oinezkoei lehentasuna emateko lanak egingo dituzte Artzatik Erretenera
Astelehenean hasiko dituzte lanak eta bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute.
Bermeoko erdigunea hobetzeko eta edertzeko lanak hasiko dituzte astelehenean; Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna kaleak berrurbanizatuko dituzte, oinezkoentzako guneak gehituta eta espaloiak zabalduta. Udalak inbertsio “sendoa” egingo duela adierazi dute; lanak egiteko 531.122,87 euro (BEZ barne) bideratuko dituzte.
Hala, Artzako biribilgunetik Fielato enparantzarainoko tartean egingo dituzte lanak. Fielato inguruan gaur egun dagoen zebrabidea eta semaforoak ere lekuz aldatuko dituzte. Kaleari oinezkoentzako izaera emateko, galtzada 6 metro eta 6.50 metrora murriztuko dute, “tokiaren arabera”, eta espaloiak bi aldeetan zabalduko dituzte, “iriste erraztasuna hobetzeko”. Galtzadaren kota igo egingo dute, modu horretan, galtzada eta espaloia kota berdinean geratuko dira. Gainera, gaur egun dauden aparkalekuak mantendu egingo dira. Lanak egingo dituzte aprobetxatuta, argiteria ere berrituko dute.
Azaldu dutenez, espaloia, tokiaren arabera, ezberdina izango da, “inguruarekin homogeneotasuna bilatuz”. Errepideari dagokionez, asfalto inprimatua erabiliko dute eta lurpeko hornidura sareetan ere (argiteria, ur hornidura eta saneamendua) berrikuntzak egitea aurreikusi dute. Horrez gain, zenbait altzari berri jarriko ditzutela jakitera eman dute; bankuak, loreontziak eta paperontziak, esaterako, “inguruaren irudia berritzeko”.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, lanon helburua da “oinezkoei lehentasuna ematea erdigune atseginago” bat lortuz eta urbanizazio “modernoagoa eta erosoagoa” eraikiz.
“Lan hauek Bermeoko erdigunea asko hobetuko dute. Uste dut oso garrantzitsua izango dela herrirako. Gure herriko urbanizazioak egokitzen eta txukuntzen joan behar gara egungo beharrizanei erantzunez eta hemen lehen urratsa emango du udalak. Gure helburu estrategikoetako bi dira bermeotarren bizi kalitatea hobetzea eta herria edertzea. Uste dut lan hauek bete betean betetzen dituztela bi helburu horiek. Oinezkoek asko irabaziko dute, lehentasuna izango baitute eta, gainera, erdiguneko trafikoa asko baretuko da. Noski, saihesbideak ere asko lagundu du honetan. Legealdi honetan zabaldutako sarrera berriari esker, asko arindu da erdiguneko trafikoa. Lan horiek barik zaila izango litzateke egingo dugun hau egitea. Lanak amaitzerakoan inguru hau guztia asko hobetuko da eta herriko urbanizazioen transformaziorako lehen urratsa izango da”, esan du alkateak.
Lanak bost hilabetetan amaitzea aurreikusten dute. Amaitu bitartean zirkulazioa semaforoen bitartez kontrolatuko dutela zehaztu du. Helburua gunea “ez zarratzea” da.